Politika -
Erreakzioak
Komunikatuak hartutako bidea 'baieztatu du', Egibarren ustean
Jeltzaleak Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, zuloak eta armak zigilatzea "ez da teknika aldetik erraz egiten den lana, antza denez".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJko GBBren presidentearen esanetan, ETAk aireratutako komunikatuak hartuta dagoen "bidea baieztatu du" eta zuloak eta armak zigilatzea "ez da teknika aldetik erraz egiten den lana, antza denez".
Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, "zigilatzearekin, armak, leherkariak eta gailuak erabili ezinik daudela bermatzea da helburua".
Egibarren iritzian, agiriak hartutako "bidea baieztatu du" eta esan du zuloak eta armak zigilatzea ez dela "teknika aldetik erraz egiten den lana, antza denez". "Prozesu horretan egiaztatu beharko lirateke emandako pausoak; zilegitasuna duten erakundeek eta pertsonek egin behar lukete", esan du.
Testuinguru horretan, ETAren testuak "ez du soilik orain dela 28 hilabete hartutako erabakia berretsi", baizik eta "armak uztekotan, ez ditu ezertarako behar eta erabili ezinik utzi behar dira".
EH Bildu
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "ezaugarri horietako edonolako prozesutan eman beharreko pauso logikoak" ematen ari dira, nahiz eta ohartarazi duen Espainia eta Frantzia Estatuek "modu ez logikoan prozesua oztopatzen dutela".
"Aldebakarreko urratsak dira, eta ikusten duguna modu ez logikoan prozesua oztopatzen duten pausoak dira", esan du Maeztuk Radio Euskadin.
Gainera, EH Bilduko ordezkariaren arabera, "distantziatik itxura arraroa hartu behar du honek, ezaugarri hauek dituzten prozesutan gauzak hurrenkera jakin bat jarraituta eta prozesua egiaztatuta egiten baitira".
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaleak arma guztiak uzteko eta desegite "arin" bat iragartzeko eskatu dio ETAri, "norberak armak utzi ahi baditu, uzten dituelako". Gainera, Espainiako eta Frantziako Gobernuari "zuhurtzia, sen ona eta inteligentzia politikoa" izatea eskatu die.
Pastorrek "sen ona"ren alde egin du eta , onartu duenez, lehenengo ETAren desegitearen iragarpena jasotzea gustatuko litzaioke, eta "ondoren armak dagokionari eman liezazkietela".
"ETAk egiteko ohitura duen adierazpenen, foroen, kongresuen, kongresutxoen eta edonolako bisiten inauteri moduko horiek saihestu beharko genituzke"; "norberak armak utzi bahi baditu, uzten ditu".
PP
Anton Damborenea Bizkaiko PPko presidentearen esanetan, komunikatuak baieztatu egin du NEBrekin abiarazitako prozesuak ez duela "ekarpenik egin".
Gainera, Damboreneak esan duenez, "beste egunean, bi kaputxadun horien atzean, 700 hildako baino gehiago, milaka zauritu eta mehatxatu egon ez balira, sainete bati buruz hitz egiten ariko ginateke".
"Zigilatu behar dugula esaten digute, eta zigilatzeak kutxa batean sartu eta ondoren eramatea ekarriko badu, nik ez dut kalifikatzailerik bilatuko, denek ikusi zituztelako irudiok eta zeinen patetikoa zen ikusten ari ginena".
UPyD
Gorka Maneiro UPyD alderdiaren Euskadiko bozeramailearen ustez, ETAren azken komunikatua "propaganda hutsa" da eta ETAri bere kide guztien atxiloketarekin erantzutea eskatu du.