Politika -
Istilu larriak Bilbon
Ekoreka: 'Ondorioak askoz larriagoak izatea ekidin zuen Ertzaintzak'
Bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu du, Ertzaintzak nola jardun zuen azaltzeko.
Erredakzioa
Josu Ekorekak esan du Ertzaintzak Bilboko goi-bilera ekonomikoan abian jarritako prebentzio-dispositiboak ondo funtzionatu zuela, helburua istiluak Bilbo osoan izatea saihestea eta Bizkaiko hiriburuak "su hartzea" ekiditea zelako.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean azalpenak ematea eskatu duela ere jakinarazi du Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Erkorekak zehaztu duenez, Bilbon atzo izandako istiluen ondorioz Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu zituen, 50 pertsona identifikatu eta beste bat inputatu. Horrez gain, zazpi ertzainek zauri arinak izan zituztela esan du.
Bilbon izandako liskarrak gaitzetsi egin ditu eta "euskal gizartearen aurkako" erasoa izan zela adierazi du. "Onartezina da hiri bateko merkatariek gutxiengoa diren sistemaren kontrako erradikalen erasoak jasan behar izatea", erantsi du. Erkorekaren iritziz, zilegizko aldarrikapen bat "zikindu" egin dute atzoko istiluen erantzuleek.
Ertzaintzari kritikak
Ertzaintzaren jokabidearen harira piztutako polemikari dagokionez, Erkorekak gogora ekarri du ikerketak irekita jarraitzen duela eta behin betiko balantzea ikerketa hori amaitutakoan egin behar dela azpimarratu du.
Nolanahi ere, Ertzaintzaren prebentzio-dispositiboa abian jarri izan ez balitz, "ondorioak askoz larriagoak" izango zirela nabarmendu du. Bilbokoa bezalako goi-bilera ekonomikoak beste hiri batzuetan egin izan direnean ere istiluak izan direla erantsi du Erkorekak.
Amaitzeko, ErNE sindikatuak Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria kargutik kentzeko egindako eskaeraren harira, Ekorerak esan du Jaurlaritzak ez duela horrelakorik egiteko asmorik.