Politika -
Ceutako tragedia
Fernandez Diaz tragediaz: 'Guardia Zibilak ez zuen ezer gaizki egin'
Barne ministroak Melillako hesian hobekuntzak martxan jarri dituztela iragarri du, eta baztertu egin du armada jartzea Guardia Zibilaren lana indartzeko.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diazek otsailaren 6an Ceutan izandako tragediari (15 etorkin hil ziren) buruz azaldu duenez, Guardia Zibilak "ez zuen ezer gaizki egin, kontrakoa erakutsi ezean".
Melillan emandako prentsaurrekoan, tragediatik hilabetera, tragediak eragindako “mina” errepikatu nahi izan du ministroak, baina, berriro, Guardia Zibilak lan egin zuen “profesionaltasun eta proportzionaltasun aparta” nabarmendu du, etorkinen sarrera masiboa ekiditeko.
Halaber, erakunde armatuaren agenteei pertsonen heriotzetan “erantzukizuna” izatea leporatu izana “bidegabekoa” dela adierazi du, “ezmorala” izateaz gain.
Ministroak adierazi duenez, ideia bera Europako Barne komisarioari jakinarazi dio, eta Ceuta eta Melilla bisitatzeko gonbidapena egin dio. Atzo ere Ceutara egindako bisitan gauza bera errepikatu zuen.
“Beharrezkoa den lekuan esango dut”, azaldu du Barne ministroak, eta egindako akusazioak inolaz ere ezin direla onartu azpimarratu du.
Hobekuntzak Melillako hesian
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Melillako hesian hobekuntzak martxan jarri dituztela iragarri du, 1.500.000 euroko inbertsioarekin, eta baztertu egin du armada jartzea Guardia Zibilaren lana indartzeko, 2005ean egin ez zen moduan.