Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eusko Jaurlaritzak egiaztatzaileengan konfiantza izaten jarraituko du
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Radio Euskadin azaldu duenez, "ez dago arrazoirik pentsatzeko horien kudeaketa ez dela fidagarria eta segurua".
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azaldu du Iñigo Urkulluren gobernuak egiaztatzaileen lana babesten jarraituko duela. Horren esanetan, "ez dago arrazoirik pentsatzeko horien kudeaketa ez dela fidagarria eta segurua".
Fernandezek Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan esan duenez, "lantalde horren zintzotasuna eta fidagarritasuna" dira Eusko Jaurlaritzaren "babesa" jasotzeko oinarriak.
"Biografia eta ibilbide instituzional bikaina dute guztiek, eta ziur gaude horien kudeaketa fidagarria eta segurua dela", gaineratu du.
Idazkari nagusiak ezeztatu du lehendakariak Fernandezen beraren influentziagatik babestu izana egiaztatzaileak. "Hori esaten duenak ez du lehendakaria ezagutzen" azaldu du, eta "keinu oso itsusia" iruditu zitzaiola esan du.
Presoak
Fernandezek "elkargune bat" ikusten du "Nanclares bidearen" (ETAko preso damutuek hartutako bidea) eta "Zaballa bidearen" (EPPK-ko presoak hartutakoa) artean. Haiek ireki zuten bidea orain besteek jarraituko dutena izango dela uste du.
"Nanclares bidea" talde txiki baten "esfortzua" izan zen, horren ustez. Horrela, bide legala eta bergizarteratzea esploratu zituzten, Fernandezen ustez.
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren iritzian, presoen kolektiboak "norabide-aldaketa" egin du bide legala onartzeko. "Beste kontu bat da gauzei bakoitzak berak nahi duen etiketa jartzea. Ona da errealitatean kokatzea, badena baino ez delako; izan ere, kartzela gaietan lege arruntek ematen duten tartea baino ez dago", gaineratu du.