Politika -
Kontrol saioa
Urkulluk 'gutxiengo batek' Bilbon egindako istiluak gaitzetsi ditu
Bestalde, Urkulluk esan du egiaztatzaileen lana "fidagarria dela" eta ETAren amaiera ordenatua lortzeko lagungarria izango dela.
Erredakzioa
Bilboko ekonomia foroaren aurkako protestetan izandako istiluak gaitzetsi egin ditu gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Eraso “itsu” horien egileak Justiziaren aurrera eramateko “neurri guztiak” hartu dituztela gaineratu du.
Legebiltzarreko kontrol saioan, PSE-EEko ordezkariek ekonomia foro horretako ondorioen inguruan galdetu diote lehendakariari.
Hala ere, lehendakariak egun horretan Bilbon izandako istiluak gogora ekarri ditu. Bilboko Udalaren esanetan, erasoen txikizioa konpontzera 100.000 euro bideratuko dituzte. Guztira, Ertzaintzak 7 lagun atxilotu zituen.
“Gutxiengo batek” egun horretan egiten ari ziren protesta “zilegiak” zikintzea deitoratu du lehendakariak. Istiluek nazioarte mailan Bilbok daukan irudiari ere kalte egin diotela nabarmendu du.
Datozen asteetan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua astelehenean Bilbon gertatutakoaz arituko da Legebiltzarrean.
Egiaztatzaileei, babesa
Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeari bere babesa adierazi dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, bere hitzetan, “ETAren amaiera ordenatua lortzeko batzorde fidagarria eta segurua” delako.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak Urkulluk egiaztatzaileei Madrilen erakutsi zien babesaren inguruko galdera egin dio lehendakariari, Legebiltzarreko kontrol saioan.
Maneiroren ustez, lehendakariak “kartoizko egiaztatzaileen antzezlana” babestu zuen Auzitegi Nazionalak egiaztatzaileak deklaratzera deitu zituenean Madrilera “azkar-azkar” bidaia eginez. “Terrorismoaren biktimekiko horrelako keinurik ez dizut ikusi”, esan dio Urkulluri.
Maneiroren hitzak arbuiatu ditu Urkulluk eta, “adinagatik, ibilbide politikoagatik edota ordezkaritza arrazoiak direla medio”, terrorismoaren biktimen omenez egindako “ekitaldi gehiagotan” egon dela esan dio UPyDren ordezkariari. ETAren amaiera ordenatua lortzeko lanean jarraituko duela berretsi du lehendakariak eta, horretarako, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearekin “harremana” mantenduko duela gaineratu du. “Euren lanari esker ere, armagabetze osoa, egindako kaltearen aitorpena eta ETAren behin betiko amaiera gertuago dago gaur”.
Helburu horiek lortzeko lanean ari dira egiaztatzaileeak, Urkulluren ustez. “Batzorde horrek bere horretan jarraituko du, armagabetzea eta ETAren desegite osoa lortzeko”, berretsi du.
Maneirori “bakearen gaia” modu “arduragabean” erabiltzea ez duela onartuko esan dio Urkulluk eta UPyDren ordezkariari Espainian duen “abesbatza mediatikoaren” txaloak bilatzea egotzi dio.
Autogobernua
Bestalde, autogobernua “berritzearen” alde agertu da lehendakaria, “konpondu gabe dagoen arazoari erantzuteko” eta “Euskadiren nazio izaera” onartuko duen akordioa lortzeko. “Guztion lana izan behar da”, gaineratu du.
“Adostasun politiko berri bat lortu behar dugu, gizartearen gehiengoak babestuko duen akordioa”, esan du.
Urkulluren hitzetan “posible da” akordio hori lortzea eta “baldintza bakarra” Euskadi 1978tik 2014ra ekartzea izan behar da.