Politika -
EA-ren ekitaldi politikoa
‘PPk eta PSOEk ez dute euskal herritarren borondatea errespetatuko’
Euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezaten, lanean jarraituko duela hitzeman du Pello Urizarrek.
Erredakzioa
Rajoyk atzo bake prozesuari buruz esandakoak entzunda eta aste honetan Nafarroako Alderdi Sozialistak (PSN) gertatu dena ikusita, "garbi dago PPk eta PSOEk ez dutela euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea errespetatzeko asmorik", Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan.
Horren aurrean, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezaten lanean jarraituko duela hitzeman du Pello Urizarrek.
Urizarrek Alkartetxe berria inauguratu du Lazkaon, eta bertan egin ditu adierazpenok. Salatu duenez, "PPko eta PSOEko buruzagiek beren interes partidistak lehenesten dituzte euskal gizartearen borondatearen gainetik".
"Aste honetan Nafarroan Yolanda Barcinaren kontrako zentsura mozioa aurkeztea eragotzi du Rubalcabak, Nafarroako gizartearen gehiengoak hori eskatzen zuela jakinda ere. Bere kalkuluen arabera, beste behin zentsura mozioa geldiaraztea erabaki du, ez baita ez lehen aldia eta ezta bigarrena ere", salatu du.
Ildo beretik, atzo Mariano Rajoyk Kursaal jauregian egin zituen adierazpenen ondotik, Urizar ziur dago PPk eta PSOEk ez diotela kasurik egingo Euskal Herriaren erabakiko denari eta, beraz, ez dutela euskal herritarren nahia errespetatuko.
"Guk garbi daukagu EAEk, Nafarroak eta Iparraldek estatus politiko berria behar dutela. Badakigu egoerak ezberdinak direla eta, beraz, erritmoak ere ezberdinak izango direla. Dena den, herritarren borondatea errespetatu beharko da", azaldu du.
Hala, hori horrela izan dadin lan egingo duela nabarmendu du.