Politika -

Urteurrena

10 urte geroago, Berrueta familiak aitortza eskatzen jarraitzen du

Erakundeek ez diotela biktima politikoen tratamendua ematen salatzen dute senideek. Gaur arratsaldean omenaldia jasoko du hil zuten okindegiaren parean, Iruñeko Donibane auzoan.

Poliziaren emaztea herri epaimahai batek zigortu baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak absolbitu zuen
Poliziaren emaztea herri epaimahai batek zigortu baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak absolbitu zuen
Gaur arratsaldean omenduko dute Angel Berrueta Iruñean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur 10 urte beteko dira Angel Berrueta okin eta Gurasoak elkarteko kidea hil zutenetik, Madrilen M-11ko atentatuak izan eta bi egunera. Polizia nazional batek eta bere semeak hil zuten Berrueta.

Urteurrenaren harira, Angel Gogoan plataformak kontzentrazioa deitu du 19:00etarako Iruñeko Donibane auzoan, Berrueta hil zuten okindegiaren parean.

Senideek kritikatu dutenez, epaiketan hilketaren motibazio politikoa onartu bazen ere, erakundeek ez diote horrelakorik aitortu Berruetaren familiari. Mari Carmen Mañas alargunak "lehen eta bigarren mailako biktimak" daudela salatu zuen.

Gainera, duela astebete Iruñeko Udalak uko egin zion aitortza horri UPN,PP eta PSNren botoekin.

Hilketa

Maria Pilar Rubiok, Madrilgo M11ko atentatuen egilea ETA zela sinistuta, eztabaida bat izan zuen Berruetarekin; Rubiok ETAren kontrako kartel bat jarri nahi izan zuen okindegian, eta Berruetak ez zion utzi. Ondoren, Rubio okindegitik berotuta atera zen "putakume hori akabatuko dut" esanez.

Handik gutxira, Maria Pilar Rubio, Valeriano de la Peña polizia nazionala (Mari Pilar Rubioren senarra) eta Miguel Jose de la Peña (senar-emazteen 19 urteko semea) Berruetaren okindegian sartu ziren, eta bertan hil zuten, pistola bat eta aihotz bat erabiliz.

Poliziak lau tiro egin zizkion eta poliziaren semeak sastatu egin zuen (birika eta gibela zulatu zizkion). Valeriano de la Peñari 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta 15ekoa semeari.

Herri epaimahai batek zigortu egin zuen Maria Pilar Rubio, hilketa proposatzeagatik, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen geroago.

Berruetak, inguruko denda eta eraikin askotan bezalaxe, xingola beltza jarri zuen bere dendan, M-11ko biktimei elkartasuna adierazteko, eta denda itxi ere egin zuen.

Bestalde, 2004ko martxoaren 14an, Angel Berruetari elkartasuna adierazteko manifestazio batean, Hernanin, Conchi Sanchis hil zen, bihotzekoak jota, Poliziaren oldarraldi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea