Politika -
Gipuzkoa
Romerok dimisioa eman du batzorde batean, presoei bisita ez egiteko
Romero buru zuen Berdintasun Politiken Batzordeak Sevilla II espetxean dauden presoen egoera ezagutzera joateko proposamena onartu zuen, baina ez dagoenez ados, nahiago izan du dimititu.
Erredakzioa
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaileak Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Batzordeko presidente kargua utzi du, Sevilla II espetxean dauden presoen egoera ezagutzera joateko antolatu duten bisitarekin ados ez dagoelako. Bilduren, Aralarren eta EAJren botoei esker onartu zuen batzordeak bisita hori egitea.
Romerok agiri bat kaleratu du erabakiaren berri emateko. Bertan azaldu duenez, presidente karguan egon denean "talde politiko guztien eskariak bideratzen" saiatu da, "ez parte-hartze politikoa eta adierazpen askatasuna errespetatzeko soilik, baizik eta gizarte bateratua eraikitzeko aniztasun politikoa eta elkarrekiko errekonozimendua ezinbestekoak direlako".
Bestalde, "erabat" konbentzituta dago "gobernu organoek batzarren gehiengoaren erabakiak errespetatu behar dituztela", bestela "konfiantza politikoa hautsi" egingo litzatekeelako.
Horren harira, aurreko astelehenean bera buru duen batzordeak onartutako ebazpena ekarri du gogora. Ebazpen horren arabera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta batzordeko kideak Sevilla II kartzelara joango dira, bertan dauden euskal presoen egoera bertatik bertara ezagutzera.
"Horrelako ekimenen aurrean dudan iritziaren eta jarreraren kontrakoa da hori; izan ere, horrelako ekintzak erakundeek sustatzen dituztenean beharrezkoa da partekatutako kontaketa anitza eta adostasun zabala, eta halakorik ez badago, zailak dira ulertzeko", azpimarratu du.