Politika -
Ministroari erantzuna
Erkoreka: 'Neurrigabea da EAEn dagoen Segurtasun Indarren kopurua'
Josu Erkorekaren iritziz, "onartezina da" Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa “Gernikako Estatutua betetzeko asmorik ez daukala” esateko Euskadira etorri izana.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, "onartezina da" Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa “Gernikako Estatutua betetzeko asmorik ez daukala” esateko Euskadira etorri izana. Barne ministroa Donostian izan zen atzo, eta ETA desegiten ez den bitartean ez duela Estatuko Segurtasun Indarren kopurua murriztuko nabarmendu zuen.
Gaur, Gobernu bileraren ondorengo agerraldian, Erkorekak esan du "zaila" dela ministroaren adierazpenak "ondo ulertzea": "Alde batetik ETA garaituta dagoela esan zuen, baina ondoren ETA desegiten ez den arte Gernikako Estatutua ez duela beteko gaineratu zuen”. “Egia esan, ministroak zer esan nahi zuen ez nuen ondo ulertu”.
Bestalde, Erkorekaren iritziz, "neurrigabea da", egungo egoeran, Euskadin lanean ari diren Guardia Zibilen eta Poliziaren kideen kopurua (8.000tik gora).
4.229 bakarrik
Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Euskadin 4.229 guardia zibil eta polizia nazional ari dira lanean, Erkorekak jakitera emandako kopuruaren erdia, hain zuzen ere.
Ministerioaren hitzetan, 2.780 guardia zibil eta 1.449 polizia nazional daude Euskadin, guztira 4.229. Kopurua urtarrilaren 31n itxi zutela erantsi du Espainiako Gobernuak.