Politika -
Agerraldia Arrangoitzen
Iheslariek etxera bueltatzeko bidea hasiko dutela iragarri dute
80 iheslarik Arrangoitzen egin dute agerraldia, gaur goizean. 'Gaurtik aurrera gure sorterriko plazetan ere ikusiko gaituzue', esan dute.
Erredakzioa
"Etxera bueltatzeko bidea" hasiko dutela iragarri du gaur Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak. 80 bat iheslarik Arrangoitzen egin duten ekitaldi publikoan jakinarazi dute berria. Jon Irazola eta Idoia Espias iheslariek hartu dute hitza, kolektiboaren asmoaren berri emateko. "Konponbidearen alde urratsak egiteko garaia da, eta guk ere Euskal Herrian geroari itxaropenez eta ilusioz begiratu nahi diogu", esan dute.
Prozesua ez dela erraza izango eta etxera itzultzeko arazoak dituztela aitortu dute, baina aurrera egiteko prest daudela gaineratu dute: "Zailtasunak ditugu kide guztiak etxeratzeko, baina aukera eskaintzen duten egoerei gaurdanik soluzioak emango dizkiegu".
Iheslarien Kolektiboak jakitera eman duenez, itzulera "mailakatua" izango da . Agerraldian esan dutenaren arabera, "guztion artean lortu behar dugu azken iheslaria etxeratzerainoko dinamika iraunkor eta sendo bat sortzen". Kolektiboaren helburua "garatu beharreko prozesu demokratikoaren baitan, erbestearekin behin betiko amaitzea" dela gaineratu dute.