Politika -
Hauteskundeak Iparraldean
% 59,94ko parte-hartzea, 17:00etan, Pirinio Atlantikoetan
Duela sei urteko udal hauteskundeetan baino sei puntu baxuagoa da parte-hartzea, 17:00etan, Ipar Euskal Herria eta Biarno batzen dituen departamenduan.
Erredakzioa
Ipar Euskal Herria eta Biarno batzen dituen eskualdeko suprefeturak eman ditu parte-hartzeari dagozkion datuak: arratsaldeko 17:00etan parte-hartzea % 59,94koa izan da, orain sei urte baino ia sei puntu gutxiago. 2008an ordu horretan % 65.55ek eman zuen bozka. Eguerdiko 12:00etan herritarren % 25,62k eman du bozka Pirinio Atlantikoetako eskualdean, orain sei urte baino bi puntu gehiago.
Gaur eta datorren igandean, bi itzulitan, Udal Hauteskundeak izango dituzte Frantzian. Hauteslekuak 08:00etan zabaldu dituzte Ipar Euskal Herriko 159 herritan eta 250.000 herritar inguru daude bozkatzera deituta. Bestalde, 4.000 hautetsi inguru lehiatuko dira nor baino nor hauteskunde hauetan. Hauteslekuak 18:00etan itxi dituzte eta 21:00etarako lehen emaitzak izatea aurreikusten da.
Gauean emaitzak ezagutu bezain laster, bigarren itzulira begirako negoziazioak hasi beharko dituzte alderdiek. Astearterako aurkeztu behar dituzte bigarren itzulirako zerrendak, eta ordurako aliantzak eta akordioak itxita egon behar dute.
Gakoak
Bi itzulitan erabakiko dira udaleko agintea hartuko duten alkateak Ipar Euskal Herrian. Bozketa berean Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko 10 mankomunitatetako ordezkariak ere aukeratuko dituzte lehen aldiz; geroz eta eskumen gehiago dituzte mankomunitateek, batez ere Baionako, Hendaiako eta Donibane Lohizuneko eskualdeetan. Iparraldeko biztanleen erdia baino gehiago biltzen da hiru eremu horietan.
Ikusmin handia piztu dute udal hauteskunde hauek Ipar Euskal Herrian, herri garrantzitsuenetan aldaketak espero baitira.
Donibane Lohizunen ere lehia bizia dago. Hiru zerrenda daude: Peyuco Duhart oraingo alkate eskuindarrarena (bertan daude EAJko 3 kide), Emile Amaro PSkoa eta Pascal Lafitte Herri Berrikoa. Michele Alliot Marie (UMP) ez da aurkeztuko aurten alkatetzara. Europako Parlamenturako hauteskundeetarako zerrendetan aurkeztuko da Alliot Marie.
Donibane Garazin, Nafarroako Behereko hiriburuan, bi hautagai aurkeztu dira; Alfons Idiart egungo auzapeza eta Xabier Larre, Idiarten azken urteotako kudeaketa salatzeko sortutako taldea.
Maulen, berriz, Mixel Etxebeste (independentea) egungo alkateak uste baino aurkari gehiago izango ditu aurrez aurre, denak ezkerrekoak: Louis Lavado, Beñat Elkegaray eta Mathias Davant.
Angelun eta Hendaian ere aldaketak egon daitezkeela uste dute adituek.
Nobedade nagusiak
Berrikuntza bat baino gehiago dituzte hauteskunde hauek. Besteak beste, 1.000 biztanletik gorako herrietan zerrenda itxiak bozkatu ahal izango dituzte. Orain arte, aukera hori 3.500 biztanletik gorako herrietan bakarrik zuten. Hautesleek nahi duten zerrendan nahi duten hautagaia aukera dezakete zerrenda irekietan, pertsonek dute lehentasuna. Zerrenda itxiekin, berriz, zerrendak berak, programak du garrantzia. Herri txikien nolabaiteko politizazioa dakar aldaketak. Lapurdiko 18 herri, Nafarroa Behereko bost eta Zuberoako bi dira aurten aukera berri hori izango dutenak.
Beste nobedadea, parekidetasuna da, 1.000 biztanletik gorako herrietan aurkeztu diren zerrendetan gizon eta emakume kopuru berbera aurkeztea derrigorrezkoa izan da.
Aurten lehen aldiz, baita ere, boto paper berdinean udal ordezkariak eta mankomunitateko ordezkariak aukeratuko dituzte.
'Denei interesatzen zaie zerrendetan abertzaleak izatea'
Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Allande Boutin kazetariak Iparraldeko udal hauteskundeen gaineko gogoetak egin dituzte larunbat honetan Euskadi Irratian.
Hautagai abertzaleei buruz galdetuta, Bidegainek nabarmendu du alderdi guztiei interesatzen zaiela zerrendetan abertzaleak izatea. "Abertzaleen zerrenda ofizialak izaten dira, alde batetik. Baina, beste zerrendetan ere, alderdi ez abertzaleen zerrendetan ere norbanako abertzaleak ere sartzen dira. Hori da Iparraldeko hauteskundeen berezitasuna.
Boutinek, berriz, mankomunitateen edo herri-elkargoen garrantzia nabarmendu du.Horren arabera, "mankomunitate papera oso inportantea da. Frantsez ikuspuntutik, oso inportanteak dira herri-elkargoak. Herri txikiak behartuta daude bat egitera, diru gehiago erdiesteko eta beraien artean hainbat alor elkarrekin kudeatzeko: garraioa, hondakinen bilketa, etxebizitza alorra. ... Udalek gero eta zailtasun gehiago dituzte beraien politikak kudeatzeko. Kasik, behartuta daude bat egitera".