Politika -
PSE-EE
'Dinamismo eta ideia falta' izatea egotzi dio Lopezek Jaurlaritzari
Legealdia aurrera doala eta irailean sozialistek eta jeltzaleek "herrialde ituna" sinatu zutenetik "moteltasuna eta erantzun falta" sumatzen dela gaineratu du euskal sozialisten idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Patxi lopez PSE-EEko idazkari nagusiak ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko neurrietan "dinamismo eta ideia falta" izatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Europako hauteskundeetarako hautagaiekin batera Bilbon egindako agerraldi batean, Lopezek adierazi du Iñigo Urkulluren Gobernuari ekonomia suspertzeko neurririk hartu ez izana leporatuta sozialistak ez direla "estrategia kalkulatu bat" jarraitzen ari, eta kritika horrek ez duela hauteskundeekin zerikusirik nabarmendu du.
Legealdia aurrera doala esan du euskal sozialisten buruak, eta, irailean sozialistek eta jeltzaleek "herrialde ituna" sinatu zutenetik, krisialditik atera eta herritarren beharrei erantzuteko "moteltasuna eta erantzun falta" sumatzen dela gaineratu du.