Politika -

Diputatuen Kongresua

Amaiurrek eta ERCk betoa jarri diote Suarezen aldeko adierazpenari

Azkenean, minutu bateko isilunean egin dute Diputatuen Kongresuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak omenaldia egin dio ostegun honetan Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiari, minutu bateko isilunearekin, ERCk eta Amaiurrek Suarezen aldeko adierazpen instituzionalari betoa jarri ostean.

Hil berri den presidentea omentzeko adierazpena adosten saiatu dira Kongresu alderdiak baina, azkenean, ekimenak ez du aurrera egin, Talde Mistoak ez baitu adierazpena babestu eta talde guztien babesa behar baita hori aurrera eramateko. ERC da une honetan Talde Mistoaren bozeramailea.

Alfred Bosch alderdi horretako ordezkariak salatu duenez, testuak Monarkiari egiten zion goraipamena, eta trantsizioan alderi guztiek parte hartu zutela jasotzen zuen, ERC oraindik legeztatuta ez zegoen arren.

Amaiur, bestalde, Adolfo Suarez legitimatuko duen adierazpena babestearen kontra azaldu da. Xabier Mikel Errekondo bozeramailearen hitzetan, presidente ohiak Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatu egin zuen, Erregearekin batera eta ''Armadaren babesarekin batera''.

Azkenean minutu bateko isilunea egin dute une horretan aretoan zeuden diputatuek, eta bi minutuko txalo zaparradarekin omendu dute Suarez.

Senatua

Senatuan ere agertu dira adierazpena babestearen kontra Amaiur eta ERC, baina ganbera horretan testuak aurrera egin du, Foro Asturias baita bertan Talde Mistoaren bozeramailea eta hark onartu egin baitu adierazpena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amaiur albisteak