Politika -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
'Ezker abertzalearen estrategiak Estatuarekin apurtzea babestu du'
Epailearen aurrean, Sortuko presidenteak ukatu egin du ETAren borroka armatua babestu izana. Arraizek inputatu gisa deklaratu du gaur EAEko Auzitegi Nagusian, terrorismoa goratzea egotzita.
Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak EAEko Auzitegi Nagusian azaldu duenez, 2013ko azaroaren 18an Santiago Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren harira Bilbon egindako mahai-inguruan, ezker abertzaleak azken 35 urtean Estatuarekin apurtzeko aurrera eramandako estrategia babestu zuen. Halaber, ukatu egin du ETAren borroka armatua babestu izana.
Arraizek instrukzio epailearen eta Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren galderei erantzun die, eta gaur egun ezker abertzaleak Estatuarekin apurtzea babesten duela nabarmen du. Horren esanetan, "beharrezkoa eta premiazkoa da" da Estatuarekin apurtzea, izan ere, "ez dira Euskal Herriaren eskubide nazionalak errespetatzen".
Sortuko presidenteak 30 minutuz deklaratu du, inputatu gisa, Borja Iriarte epailearen aurrean, terrorismoa goratzea eta justifikatzea eta biktimak umiliatzea egotzita. Dignidad y Justicia elkarteak jarri zuen salaketa, eta gaurko saioan Arraizek ez dizkie elkartearen galderei erantzun.
Epailearen aurrean deklaratu ostean, azaroaren 18an egindako adierazpenak azaldu ditu: "Ezker abertzaleak duela 35 urte Euskal Herriaren nazio eskubideak errespetatzeko prest ez zegoen Estatuarekin apurtzeko hartutako erabakia babestu nuen". "Eta orain 35 urte geroago, beharrezkoa eta premiazkoa da euskal herritarren nazio eskubideak errespetatzeko eta gure etorkizuna erabakitzen uzteko prest ez dagoen Estatuarekin apurtzea", nabarmendu du.
Azaroaren 18ko mahai-inguruan hori aldarrikatu zuela nabarmendu du, eta epaileari gauza bera esan diola gaineratu du.
Arraizen esanetan, gaur inputatu gisa deklaratu behar izateak argi uzten du herrialde honetan "adierazpen askatasuna urratzen dela" eta ezker abertzaleko militanteentzat eztabaida politikoan parte hartzeko baldintza demokratikoak ez direla betetzen".
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Arraizen helegitea
Otsailaren 3an EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Hasier Arraizek Dignidad y Justiciak jarritako salaketaren kontra aurkeztutako helegitea.
Inputazio autoan, ezker abertzalearen ibilbidea defendatuz ETA ere defendatu zuela iradoki zuen Borja Iriarte epaileak.
Nekane Bolado epaileak, baina, boto partikularra idatzi zuen, Arraizen hitzak "gaitzesgarriak" badira ere horietan deliturik ez dagoela nabarmentzeko.
EAEko Fiskaltza Nagusia ere iritzi berekoa da, eta auzia ixtea eskatu zuen.
Sortuk elkarretaratzea egin du 09:30ean, Arraizen aurkako "jazarpena" amaitzea eskatzeko.