Politika -
Polemika
Kendu dituzte frankismoaren garaiko koadroak Bilboko udaletxetik
Otsailaren 27ko osoko bilkuran koadroak kentzea onartu eta gero, gaur kendu dituzte. Orain, "testuinguruan kokatuko" dituzte, beste areto batean.
Iker Gonzalez | eitb.com
Bilboko udaletxeko korridoreetan, hiriak izan dituen alkate guztiekin batera, eskegita zeuden frankismo garaiko alkateen erretratuak gaur, astelehena, kendu dituzte, Udaletik eitb.com-i esan diotenez.
Hainbeste polemika sortu zuen gaia otsailaren 27an egindako Osoko Bilkuran eztabaidatu zuten. Saioan, koadroak kentzea eta "testuinguru batean kokatzea" erabaki zuten, hau da, testuinguru historiko batean kokatuko dituzte.
Udaleko iturrien arabera, asmoa beste gela batera eramatea da, baina hormetatik kendu eta gero ohartu dira ez direla margolan guztiak sartzen areto berri horretan. Ondorioz, gordeta dituzte, baina ez ikusgai.
Margolan polemikoak
Bilboko Udala (EAJ) "ahalik eta adostasun handiena" lortzen saiatu da gainerako alderdiekin (PSE-EE, PP eta EH Bildu) "sentsibilitate historikoa eta Memoria Historikoaren Legea betetzeko", EH Bilduk udaletxean jarritako frankismo garaiko alkateen argazkiak kentzeko eskaerak polemika piztu eta gero.
Halere, Iñaki Azkunak argi eta garbi azpimarratu zuen bera alkate zen artean ez zuela erretraturik kenduko, "historiari errespetua izan behar zaiolako, nahiz eta gustuko ez izan".
"Aztoratu egin dira orain hauek? 40 urtean hiltzaileen erretratuak erakutsi dizkiguten hauek aztoratu behar dira?", esan zuen alkateak, presoen argazkiei erreferentzia eginez.
EAJko alkateak nabarmendu zuen ez zituela erretratuak kenduko, epaile batek behartu ezean. Izan ere, Azkunaren hitzetan, udaletxeko korridorean, frankismo, monarkia, Errestaurazio, demokrazia eta Errepublikako erretratuak daude nahasita, "Bilbo plurala" delako, "baina ez dakit batzuek hori ulertu duten".
"Nik ez dut ezer kenduko, ez baita nirea, eta errespetua izan behar dut Bilboko jende guztiarekin, bai eskuindarrekin bai ezkertiarrekin", esan zuen alkate jeltzaleak.