Politika -
Zantzu faltagatik
Gorenak ETArekin kolaboratzeagatik zigortutako bi neska absolbitu ditu
Helegitea aurkeztu ondoren, Gorenak ebatzi duenez, ANk bi neskak zigortzeko erabilitako froga bakarra Polizia-etxean egindako deklarazioa izan da, eta epaiketan ezeztu zuten.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Eider Zurriarain Mendiguren eta Euri Albizu Telleria absolbitu ditu. Biak ETArekin kolaboratzeagatik zigortu zituen Auzitegi Nazioanalak zazpi urte eta erdiko kartzelaldia ezarrita, baina Gorenak orain absolbitu egin ditu, haien kontrako froga falta dagoelako. Poliziaren esku zeuden bitartean lortutako deklarazioan oinarritu ziren zigortzeko, esandakoa frogatu barik.
Bi emakumeak Xabier Atristain eta Ibai Beobide ETAko kideekin batera zigortu zituzten. Zurriaraini Beobide hainbat astez ezkutatzea eta ondoren Bordelera eramatea leporatu zioten, Albizuri, ordea, Bordelera eramandako autoa gidatzea.
Auzitegiak, aldiz, epaian ebatzi duenez, haien kontra erabili zuten froga bakarra Poliziaren esku zeuden bitartean egindako deklarazioak izan dira, eta ondoren epaiketan ezeztu zituzten, baina ANk horietan oinarrituta eman zuen epaia. Goreneko epaiaren txostengilea Jose Manuel Maza epailea izan da.
Gorenak berretsi egin du deklaraziook (geroago baieztatu gabe eta datu inpartzialak izan gabe) "ezin dira gertakariak baieztatzeko frogatzat jo", horrenbestez, kasazio-errekurtsoa aintzat hartu eta absolbitu ditu.
Epaiak, halaber, Xabier Atristain (17 urteko zigorra) ETAko kideari ezarritako zigorra berretsi du; Beobidek, ordea, ez zuen helegiterik aurkeztu (20 urte eta 5 hilabeteko zigorra).