Politika -
Txostena
AI: 'Gobernuak ahaleginak egin ditu manifestazio eskubidea murrizteko'
Manifestazioetan parte hartzeagatik hainbat herritarren aurka Poliziak jarritako salaketa asko faltsuak izan direla salatu du Amnistia Internacionalek.
Erredakzioa
Manifestazioetan parte hartzeagatik hainbat herritarren aurka Poliziak jarritako salaketa asko faltsuak izan direla salatu du Amnistia Internacional erakundeak. Elkarte horren iritziz, salaketa horien helburu nagusia “herritarren protesta baketsuak” mugatzea eta murriztea litzateke.
“Espainia: Protesta egiteko eskubidea, mehatxupean” izeneko txostenean, Amnistia Internacionalek Estatuko Segurtasun Indarretako zenbait kidek ustez urratutako eskubideak zerrendatu egin ditu. Horrez gain, urraketa horiek argitzeko ikerketarik abian jarri ez izatea salatu du elkarteak.
Amnistia Internacionalen iritziz, Gobernuak “bere esku dituen bitarteko guztiak” erabili izan ditu “adierazpen askatasuna eta protesta baketsuak egiteko eskubidea” murrizteko. Zigor Kodearen eta Herritarren Segurtasunerako Legearen erreformak adibide moduan jarri ditu elkarteak.
“Poliziak inpunitate osoz jokatzen duen bitartean, manifestari baketsuek eta elkarteetako kideek erasoak, jazarpenak eta kolpeak pairatzen dituzte. Askotan, gainera, atxilotu egiten dituzte eta espetxeari eta isunei aurre egitera behartu dituzte”.
Gero eta manifestazio gehiago
Estatu mailan gero eta manifestazio gehiago egiten direla azpimarratu du Amnistia Internacionalek, batez ere "krisiaren eraginez" eta Gobernuak adostutako neurriengatik.
Izan ere, 2013. urtean 25.400 protesta egin ziren, eta aurreko urtean 14.000 besterik ez.
"Baketsuak diren manifestazioak disolbatzeko poliziaren gehiegikeriak salatu dituzte herritar askok. Horrez gain, Segurtasun Indarrek erabilitako borrak edota gomazko pilotak eragin dituzten hainbat zauri ere salatu dituzte", Virginia Alvarez txostenaren egileak azaldu duenez.