Politika -

Auzitegi Nazionala

Muñecas torturengatik Argentinara estraditatzea atzera bota du ANk

Egozten zaizkion delituak (Frankismo garaian torturak egitea) preskribatuta daudela  eta delitu horien atzean genozidiorik ez dagoela iritzi dio Auzitegi Nazionalak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismo garaian torturak egin zituelakoan Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohia Argentinara estraditatzea atzera bota du Auzitegi Nazionalak. Epailearen iritzian, Muñecas kapitainari egozten zaizkion delituak preskribatuta daude eta delitu horien atzean genozidiorik ez dago.

Auzitegi horretako hirugarren sekzioak  bere  ebazpenean argudiatu duenez,  guardia zibil ohiari egozten zaion delitua ( torturak egitea) egin eta hamar urtera preskribatzen da. Muñecasen aurkako prozedura judiziala 2O12an abiarazi zuten Argentinan. Hori dela eta, ANn kasua aztertu duen epaileak uste du "preskribatzeko epea gaindituta dagoela".

Bestalde, Argentinan zabalduta duten ikerketan Muñecasi leporatzen dizkioten ekintzen atzean "genozidio deliturik" ez dagoela gaineratu du epaileak.

Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Maria Angeles Barreiro magistratuak Muñecasen estradizioaren aurka azaldu dira zazpi orrialdeko auto batean. Muñecasen eta "antzeko ekintza gaitzesgarriak egin dituzten beste pertsonen artean" loturarik ez dagoela argudiatu du epaimahaiak.

Gainera, "Muñecasek Argentinarekin loturarik" ez duela erantsi dute magistratuek.

1968ko abuztuan, Zarautzeko Guardia Zibilaren kuartelean, Andoni Arrizabalaga torturatzea egotzita, Muñecas entregatzeko eskakizuna egin zuen Maria Servini Argentinako epaileak.

Honenbestez, behin-behineko neurriak kendu dizkio aretoak Muñecasi; izan ere, pasaportea kendu, Espainiatik ateratzea debekatu eta epaitegietan astero aurkezteko agindua eman zioten. 1981eko estatu-kolpean parte hartzeagatik bost urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Muñecasi, eta guardia zibiletik kanporatu zuten.

Estatu-kolpearen azken urteurrenean, Valdemoroko Guardia Zibilaren kuartelean, bazkaria antolatu zuen Antonio Tejero kolpistaren semeak, eta Muñecas bertan izan zen. Bazkari horren ondorioz Tejero kargutik kendu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea