Politika -
Elkarrizketa
Urkullu, Mariano Rajoyren erantzunaren 'zain'
Bakegintzaren inguruan “elkarlanean” aritzeko eskaintza luzatu zion “orain zenbait aste” Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.
Erredakzioa
Bakegintzaren inguruan “elkarlanean” aritzeko eskaintza luzatu zion “orain zenbait aste” Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, baina oraindik erantzunaren “zain” dagoela esan du gaur Jaurlaritzako buruak. “Agertoki berri batean gaude, eta horrek elkarlana merezi du”, adierazi du.
Urkulluk hainbat proposamen bidali zizkion Rajoyri dokumentu batean “orain zenbait aste” eta bertan ere “Gernikako Estatutua osororik betetzeko” eskaera egin zion Espainiako presidenteari.
Cope irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Urkulluk esan du dagoeneko hiru bilera egin dituela Rajoyrekin, eta, horrez gain, telefonoz edo mailez harremanetan egon direla zehaztu du. “Azken hilabeteetan ezezik, aurretik harreman normala izan dugu”, esan du.
Egun, Rajoyren erantzunaren “zain” dagoela esan du.
Espainiako Gobernuarekin adostutako hitzarmenak ere gogora ekarri ditu lehendakariak, tartean defizitaren helburua edota zorpetze mugaren ingurukoak.
Hala ere, “zenbait arlotan” hitzarmena lortzeko itxaropen izpirik ez dagoela gaineratu du.
Egindako eskaeren artean, Gernikako Estatutua oso-osorik betetzea, Kupoaren inguruko hitzarmena edota Europar Batzordearekin eta industria-politikarekin zerikusia duten akordioak daude.
Horrez gain, bakegintza eta bizikidetza arloan “elkarlanean aritzeko” proposamena luzatu dio Urkulluk Mariano Rajoyri.