Politika -
Aberri Egunaren ostean
Amaiurrek Urkulluri: 'Espainian eroso sentitzea ez da konponbidea'
Bestalde, koalizioaren iritzian, akordioak bilatzen jarraitu behar da, eta kritikatu egin du "agintari askoren" arabera "Espainia kartzela bat dela, derrigorrez egon behar zaren lekua".
Erredakzioa
Rafael Larreina Amaiurreko diputatuak Iñigo Urkullu lehendakariari erantzun dio gaur, lehendakariak Aberri Egunean egindako adierazpenen harira. Larreinaren ustean, "Espainian eroso sentitzea ez da konponbidea".
Debatea "fokuz kanpo" dago, Urkulluk proposatu duena Euskadik Espainian duen "lekua" moldatzea bada, esan du Larreinak hedabideen aurrean Kongresuan: "Amaiurretik Europan eroso sentitu behar dugula eskatzen dugu, ahots propioarekin, bestelako Europa eraikitzeko".
Horretarako, baieztatu duenez, alderdia "ados" dago Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio ministroak esan zuenaren "alde batekin". Margallok eztabaida zabaltzearen alde egin zuen, "legediaren barruan" betiere, eta Espainiako lurralde guztiak barne hartuta.
Larreinaren esanetan, eztabaida "nortasun nazionalen errespetuan" oinarritu behar da, eta kontuan hartu beharko dute "demokraziaren printzipioa", hori baita, Larreinaren ustez, "nortasun horiei bide emateko modua".
Horrela, akordioak bilatzen jarraitu behar dela adierazi du, eta kritikatu egin du "agintari askoren" arabera "Espainia kartzela bat dela, derrigorrez egon behar zaren lekua".