Politika -
Autogobernuari buruz
EAJ: 'Euskal herritarrok geure kabuz egingo dugu bidea'
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentearen esanetan, "Espainiako Gobernuak 35 urte bete barik daraman Estatutua betetzea da autogobernua".
Erredakzioa
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak adierazi duenez, "autogobernua euskal herritarron aliaturik onena da, etorkizuna eta garapena dakarrelako". Halaber, Atutxak ohartarazi duenez, "Espainiako Gobernuak 35 urte bete barik daraman Estatutua betetzea da autogobernua ". "Nola da posible Gobernuaz fidatzea? Nola ez dugu bidea gure kabuz egin nahi izatea?", erantsi du.
Igorren (Bizkaia) izandako ekitaldi batean Atutxak azpimarratu duenez, "euskal herritarrok gure kabuz egingo dugu bidea, gure erara, egin nahi dugu eta egingo dugu". Gaurko ekitaldian Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako hautagai jeltzalea ere izan da.
'Autogobernu zabalagoa'
Halaber, Atutxak adierazi duenez, "EAJk ez du inoiz Euskadiko txoko bat ere abandonatu". Gainera, "kosta ahala kosta", jeltzaleen aurka egin izana egotzi dio ezker abertzaleari. "Gainerako alderdiekin eztabaidatzeko eta akordioak lotzeko ezgai da Bildu", esan du, "tirabirak baino ez ditu sortzen".
Atutxak azpimarratu duenez, "autogobernua euskal herritarrentzako aliaturik onena da". "Autogobernua Osakidetza da, EHU, Ertzaintza", esan du, "autogobernuak etorkizuna eta garapena dakar, eta hori ona da herritarrentzako, bakoitzak duen ideologia alde batera utzita".