Politika -
Bazkaria Moncloan
Kataluniako prozesuaren arriskuaz ohartarazi die Rajoyk enpresaburuei
Legalitatearen mugen barruan hitz egiteko prest dagoela errepikatu du Gobernuko presidenteak, beti ere Auzitegi Konstituzionalaren eta Kongresuaren erabakiak errespetatuz.
Erredakzioa
Ekonomiaren susperraldia lortzeko lanean lokartuko ez dela esan die gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Espainiako enpresaburu nagusiei, eta Kataluniako kontsultak dituen arriskuetaz ohartarazi die. Kataluniako ezegonkortasun politikoak susperraldia bertan behera utz dezakeela uste du Rajoyk.
Lehiakortasunerako Enpresaburuen Kontseiluko kideekin bazkaria izan du Rajoyk Moncloako jauregian, ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia aztertzeko.
Espainiako egoera ekonomikoaren azterketa egin du gobernuburuak eta lehiakortasun, enplegu, kredituaren eboluzioa eta zergen erakusleek hobera egin dutela nabarmendu du. Era berean, Espainiak atzerrian duen irudiak hobera egin duela erantsi du.
Kataluniako egoera
Kataluniako egoerak sor dezakeen ezegonkortasun politikoak susperraldia bertan behera utz dezakeela ohartarazi du Rajoyk.
Kataluniako kontsultaren aurrean Gobernuaren jarrera azaldu du Rajoyk, nahiz eta apirilaren 8an, Kongresuaren osoko bilkuran, argi geratu zen. Galdeketa deitzeko eskumena eskatu zion Kataluniako Parlamentuak Kongresuari, baina eskakizuna atzera bota zuten.
Legalitatearen mugen barruan hitz egiteko prest dagoela errepikatu du Gobernuko presidenteak, beti ere Auzitegi Konstituzionalaren eta Kongresuaren erabakiak errespetatuz.
Azkenik, Kataluniako gizartearen aniztasuna defendatu du Rajoyk.