Politika -

Isabel Carrascoren hilketa

Suizidioen kontrako protokoloa ezarri diete bi akusatuei

Epaileak kartzelara bidali ditu ama eta alaba, Goizaldeko 4:00ak arte deklaratzen izan ondoren. Ikerketa 'zorrotz eta azkar' aurrera eraman dutela goraipatu dute Poliziako iturriek.

Amak hilketa bere gain hartu du eta mendekuz izan da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Carrasco Leoneko Diputazioko presidentearen hilketagatik atxilotutako bi emakumeei (Maria Montserrat Gonzalez Fernandez, 55 urtekoa, eta Montserrat Triana Martinez Gonzalez, 35ekoa) suizidioen kontrako protokoloa aplikatu diete kartzelan eman dituzten lehen orduetan.

Epaileak kartzelara bidali ditu biak. Goizaldeko 4:30ean sartu dira espetxean, epailearen aurrean deklaratzen izan ondoren. Maria Monserrat Gonzalez Fernandezek Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentea hil zuela onartu zuen atzo.

Prozedura Kriminaleko Legeari jarraituta, gutxienez hilketa leporatuko diete eta delitu horregatik 20 urterainoko zigorra jaso dezakete. Gainera, epaileak ihes egiteko arriskua dagoela uste du, jaso dezaketen zigor handia kontuan hartuta.

Epaileak sumario-sekretua ezarri du. Horregatik, akusazio partikularra ez da atxilotuen deklarazioan izango.

Ikerketa "zorrotz eta azkar" aurrera eraman dutela goraipatu dute Poliziako iturriek, eta bi akusatuak epailearen aurrera "funtsezko" frogekin eraman dituztela erantsi dute.

Diziplina-espedientea ireki diote Carrascoren hilketan inputatutako udaltzainari

Leongo Udalak diziplina-espedientea ireki eta bi hilabeterako enplegua eta soldata eten dio Raquel Gago Isabel Carrascoren hilketaren auzian inputatuta dagoen udaltzainari.

Enplegu eta soldata etena bi hilabeterako bada ere, epe hori laburtu edo luzatu daiteke auziak hartzen duen norabidearen arabera.

Udaltzaina Isabel Carrascoren hilketaren auzian inputatuta dago. Asteartea gauean, Isabel Carrasco hiltzeko erabili zuten arma entregatu zuen Leongo Polizia-etxean.

Ustez, udaltzainak autoa utzi zion laguna duen akusatuetako bati, eta hurrengo egunean autoaren maletategian pistola bat aurkitu zuen poltsa batean bilduta.

Raquel Gagok datozen egunetan deklaratuko du epailearen aurrean.

Ia argituta

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak kazetarien aurrean baieztatu duenez, Leongo Diputazioko presidentearen hilketa 'ia erabat argituta dago', segurtasun indarrek egindako ikerketari esker.

Bestalde, Espainiako Barne eta Justizia Sailak elkarlanean arituko dira sare sozialetan "gorrotoa sustatu eta delituaren apologia" egiten duten mezuei "amaiera ipintzeko", beti ere "adierazpen askatasuna errespetatuz".

Aitorpena

Maria Montserrat Gonzalez Fernandezek, Isabel Carrascoren hilketagatik atxilotutako emakumeak, aitortu egin du berak hil zuela politikaria, eta"gorroto pertsonalagatik" egin zuela.

Bestalde, Polizia Leongo udaltzain bat ikertzen ari da Carrascoren hilketan zerikusirik ote duen argitzeko. Emakume hori izan da, hain zuzen ere, Leongo Diputazioko presidentearen hilketan ustez erabili zen arma bart komisariara eraman zuena.

Calahorrako (Errioxa) Epaitegiak urruntzeko agindua ezarri dio gizon bati, Arnedoko PPko zinegotzi bati mehatxu egiteagatik "hurrengoa" izango zela esateagatik, Leongo Diputazioko presidentearen hilketaren harira.

Senarra, Asturiasera

Gabino Lorenzo Gobernuak Asturiasen duen ordezkariak konfirmatu egin du "Antonio Martinez Garcia Astorgako Poliziako inspektoreburu eta Montserraten senarra Asturiasera" etorriko dela, "baina, momentuz, ez dago argi zein kargu izango duen".

"20 urte eman zituen hemen lanean eta estimuz hartuko dugu. Gertatutakoarekin ez du zerikusirik eta tragedia hori gainditzea espero dugu", azaldu du Lorenzok.

Diputazioak 6.543 euro eskatzen zizkion hiltzailearen alabari

Leongo Diputazioak 6.583 euro eskatzen zizkion Montserrat Trianari, Isabel Carrascoren hiltzailearen alabari, nominak "behar ez bezala" jasota, Telekomunikazioen inginiari postuaren osagarri zehatza kobratu zuelako, jarduera profesional pribatuen jarduerarekin bateratuta, Leongo Diputazioko giza baliabideen zerbitzuek egindako txosten baten arabera.

Isabel Carrasco EFE

Isabel Carrasco EFE

Montserrat Triana Martinez ez zuten kaleratu, txosten baten arabera

Leongo Diputazioko giza baliabideen zerbitzuak egin duen txostenak erakundeak Montserrat Triana Martinez kaleratu ez zuela bermatu du. Txostenaren arabera, erakundetik 2011n irten zen, bitarteko plaza betetzeko deitutako oposizioa ez gainditu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea