Politika -

Hondakinen Kudeaketa Plana

Finantziazio arazoak onartu ditu Errazkinek, 'swap' kontratuengatik

Diputatuaren hitzetan, aurreko legealdian hitzartutako finantza ereduen ondorioz, arazoak dituzte finantza erakundeekin akordioak ixteko.

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurugiro Diputatua. Argazkia: EFE
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurugiro Diputatua. Argazkia: EFE
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurugiro Diputatua. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Errazkin Ingurugiro eta Lurralde Antolamendu diputatuak gaur onartu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak arazoak ditu hondakinak kudeatzeko plana finantzatzeko,  aurreko legealdian sinatu ziren swap kontratuen ondorioz.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Finantza Garapen eta Irtenbide Teknikoen batzordean egin ditu adierazpenok Errazkinek.  Aldundiko Ogasun eta Finantza arduradunak ere egon dira bileran.

Hondakinen plana nola finantzatu behar duen galdetu diote, behin eta berriz,  Errazkini EAJk, PSEk eta PPk. Ingurumen diputatuak erantzun duenez, “finantza erakundeekin hitz egiten ari gara, baina arazoak ditugu swap kontratuen ondorioz”, aurreko legealdian hitzartutako finantza ereduen ondorioz, bere hitzetan.

'Salaketa faltsuak'

Bestalde, Errazkinek ukatu egin du Europako Batasunari  hondakinen planari buruzko datu okerrak helarazi dizkiotenik, Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak duela gutxi salatu bezala.  Diputatuaren iritzian, oinarririk gabeko salaketa faltsuak dira. Polemika alde batera lagatzeko eta hondakinen kudeaketa alderdikeriaz erabiltzeari uzteko eskatu dio EAJri Errazkinek. Europako Batzordeak eskatutako datu eta informazio guztia zuzen igorri dutela gaineratu du.

'Pauso garrantzitsuak', gaikako bilketan

Azken hiru urteotan, Gipuzkoan, gaikako hondakinen bilketa sisteman aurrerapauso garrantzitsuak eman direla esan du, gaika % 20 biltzetik %40 biltzera pasatu direla esan du. Sortzen den errefusa, berriz, % 15 jaitsi dela  esan du.  2016rako ezarri duten % 60ko birziklatze kopurura iristeko lan asko egiteko dagoen arren, kopuru horretatik geroz eta gertuago daudela nabarmendu du. Hainbat herritan birziklapenaren inguruan egiten ari diren ahalegina azpimarratu du Errazkinek. Bilketa sistemak aldatu dituzten herrietan  birziklapen maila % 70ekoa dela, batez beste, esan du. Gipuzkoa osoan % 60ko birziklapen mailara heltzea ‘anbizio handiko helburua’ dela aitortu arren, eragile guztiek borondatea jarriz gero eta lan eginez gero, lor litekeela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea