Politika -

Frankismoko krimenen ikerketa

Servini epailea hasi da biktimen testigantzak jasotzen

Felix Padin CNTko kide eta Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruko preso ohiarekin egon da. Servini epaile argentinarra Euskadin da, deklaratzera joaterik izan ez duten biktimen salaketak entzuteko

'Billy el Niño' Argentinara estraditatzea eskatu zuen Servinik. Argazkia: EFE
'Billy el Niño' Argentinara estraditatzea eskatu zuen Servinik. Argazkia: EFE
Servini epailea, Gernikan biktima baten seme-alabekin

Euskadi Irratia / Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Servini de Cubri epaile argentinarra Euskadin da, eta hasi da jasotzen frankismoko krimen biktimen testigantzak.

Zehazki, Felix Padin CNTko kide eta Miranda de Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparruko preso ohiarekin izan da. Berez, adinekoen egoitzan egin behar zuten hitzordua, baina, azkenean Miranda de Ebroko erietxera joan behar izan da epailea, bertan ospitaleratuta baitago 97 urteko preso ohia.

Padinekin hitz egiteko aukera izan arren, Servinik ezin izan dio aitorpenik hartu, ez baita auzitegira heldu epaileak galdeketa egin dezan beharrezkoa den erregua. Ospitaletik irtetean, epaileak esan du ''buru-argi'' ikusi duela preso ohia.

CNT sindikatuak iragarri duenez, datozen orduotan helaraziko diote epailearen Padinen idatzizko deklarazioa, Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan bizitakoaren inguruan.

Frankismo garaiko krimenak ikertzen ari da Servini, eta atzo iritsi zen Euskal Herrira. Espainian krimen hauek ikertu eta epaitzeko bidea itxita, dozenaka biktimak eta elkartek Argentinara jo behar izan dute justizia eske, eta lan horretan ari da Servini. Besteak beste, Buenos Airesera deklaratzera joaterik izan ez duten biktimen salaketak entzungo ditu epaileak bidaia honetan.

Bisita ofiziala da, Argentinako Gorte Gorenak antolatu du, eta, besteak beste, Buenos Airesera joaterik izan ez duten hiru pertsonaren testigantzak jasoko ditu. Felix Padinez gain, Julen eta Luisa Kaltzada neba-arrebek ere beren testigantza emango diote Servini epaileari. Julen, apaiza izandakoa, Zamorako kartzelan egon zen preso, eta Burgosko prozesuan kondenatu zuten. Bere oinazea kontatuko dio Serviniri. Luisa arrebak, berriz, beren aita fusilatu zutenekoa azalduko dio.

Helegitean parte duen Goldatuz elkarteko kide batek, Josu Ibargutxik, prozesu honek Padinentzat duen garrantzia nabarmendu du: "Felix Padin gerra denborako miliziano bat da, oraindik bizi dena. 97 urte ditu gizon honek, eta deklaratzeko gogo handiz dago, gorriak ikusitakoa delako. Kontzentrazio eremuetan hainbat urte pasatutakoa, preso…", kontatu du Ibargutxik.

Biktimak entzutera bakarrik ez, datu eta dokumentu bila ere badator Maria Servini: hainbat artxibo bisitatuko ditu, eta zenbait elkarterekin batzartuko da.

Bidaia

Lehendabiziko egunak Euskal Herrian igaroko ditu epaileak, eta, ondoren, Andaluzia eta Madrilera joango da. Hilaren 30ean itzuliko da Argentinara.

Astelehen honetan Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin bildu da Servini, eta asteartean Gernikako Udaletxean eta Juntetxean izango da. Aieteko Jauregia ere bisitatuko du.

"Billy el Niño" eta Muñecas

"Billy el Niño"ren eta Muñecas kapitainaren estradizioa ukatu berritan dator Servini. Bisita honek Argentinan abiarazi duten prozesuari bultzada emango diolakoan daude frankismoaren biktima eta senitartekoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea