Politika -
Kataluniako telebista
Homs: 'Espainiako Gobernuak TVCko kanalak murriztu nahi ditu'
Mariano Rajoyren Exekutiboak Kataluniako Gobernuari espazio irrati-elektrikoaren erdia kendu nahi diola salatu du Presidentetzako kontseilariak.
Erredakzioa
Francesc Homs Presidentetzako kontseilariaren hitzetan, Espainiako Gobernuak "berehala" dekretu bat onartuko du eta "Kataluniako telebista kanalen kopurua murriztera behartuko du".
"Ezohiko" prentsaurrekoan salatu duenez, Mariano Rajoyren Exekutiboak Kataluniako Gobernuari espazio irrati-elektrikoaren erdia kendu nahi dio.
Neurriak "Kataluniako telebistaren (TVC) etorkizuna arrisku larrian jartzen du", Homsen ahotan. "Erabaki politiko bat dena erabaki tekniko bat bezala mozorrotu nahi dute", erantsi du.
Dekretua ez onartzeko, Kataluniako Gobernuak "negoziatzen hilabeteak" eman dituela gaineratu du Homsek, baina Espainiako Exekutiboak "batzutan ez ditu gutunak erantzun". Horregatik, neurria jakitera ematea erabaki du Kataluniako Exekutiboak.
"TVCk kanalak ixtea eta bereizmen handiari uko egitea eragozteko babesak lortzea espero dugu oraindik", azaldu du Homsek.
Kanal anizkoitzak
Une honetan Kataluniako Gobernuak bi kanal anizkoitz kudeatzen ditu. Ikus-entzunezko Komunikabideen Kataluniako Korporazioak (CCMA) Kataluniako telebistaren (TVC) kanalak bertan ditu.
Multiplex 1 izenekoan TV3, 3/24, Super3 eta Esports3 daude, eta Multiplex 2 izenekoan Kataluniako telebistaren bereizmen handiko kanala dago.
Homsen arabera, Espainiako Gobernuak kanal anizkoitzetako bat kendu nahi dio Kataluniako Exekutiboari, "telefono konpainientzako eta 4G-arentzako lekua behar dutela argudiatuta".