Politika -

Batasuna-EHAK-ANVren kontra

Auzipetutako 6 lagun auzitik ateratzearen alde azaldu da ANko fiskala

Auzipetuetako zazpik argudiatu dute egotzitako delitua dagoeneko epaituta dagoela, eta Auzitegi Nazionalak bista deitu du eskaera aztertzeko. 7 horietatik 6 auzitik ateratzearen alde dago fiskala.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaiketa saihesteko asmoz, Batasuna, EHAK eta ANVren kontrako sumarioan auzipetutako 43 lagunetatik zazpik argudiatu dute egotzitako delitua dagoeneko epaituta dagoela. Izan ere, Fiskaltzak 10 urteko kartzela-zigorra eskatzen du horietako bakoitzarentzat, ETAko kidea izatea egotzita.

Zehazki, Unai Fano, Mikel Garaiondo, Ibon Arbulu, Jose Manuel Jurado, Imanol Iparragirre, Maria Teresa Diaz de Heredia eta Anne Lizarralde dira eskaera egin dutenak. Zazpiek esan dute banda armatuko kide izatea leporatuta dagoeneko epaituak izan direla eta, zenbait kasutan, zigortuak ere izan direla, iturri judizialek jakitera eman dutenez.

Eskaera hori aztertzeko, Auzitegi Nazionaleko penaleko bigarren aretoak bista deitu du ostiral honetara, ateak itxita. Bertan, Vicente Gonzalez-Mota fiskala zazpi horietatik sei auzitik ateratzearen alde azaldu da (denak, Garaiondo izan ezik). Akusazioan ari den Terrorismoaren Biktimen Elkartea, berriz, kontra azaldu da.

Auzi horretan, besteak beste, auzipetuta daude ere Pernando Barrena, Juan Jose Petrikorena eta Marije Fullaondo Batasunako buru ohiak, Karmele Berasategi eta Nekane Erauskin EHAKko legebiltzarkide ohiak eta Inocencia Galparsoro (ANV) Arrasateko alkatesa ohia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea