Politika -
Giza Eskubideen Auzitegia
Estrasburgok berretsi egin du ANVren legez kanporatzea
Alderdi abertzalea Espainiako demokraziarentzat "arrisku handia" zela adierazi du auzitegiak.
Erredakzioa
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berretsi egin du astearte honetan Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdiaren legez kanporatzea.
Auzitegi Gorenak 2008ko abenduaren 22an legez kanporatu zuen EAE-ANV, eta Konstituzionalak handik eta hilabetera baieztatu zuen.
Gaur jakinarazitako epai batean, EAE-ANV Espainiako demokraziarentzat "arrisku handia" zela adierazi du Estrasburgok. Horrenbestez, ilegalizazioak ez zituela adierazpen eta elkarte eskubideak urratu ondorioztatu du.
Epaiak babestu egiten du Gorenaren erabakia, eta "gizarte demokratiko" batean "beharrezkoa" dela esan du, "segurtasun publikoa, ordena eta gainerakoen eskubideak eta askatasunak bermatzeko".
Europako Auzitegiaren arabera, EAE-ANV legez kanpo uztea "behar sozial garrantzitsua" zen, alderdiaren proiektu politikoak "gizarte demokratikoaren kontzeptuaren aurkakoak" zirelako.
Halaber, zentzuzkotzat jo du EAE-ANVk Batasunarekin eta ETAren "loturak" zituela ondorioztatzea. Hori horrela, EAE-ANVko kideek ez zituztela ETAren atentatuak gaitzetsi, ETAko kideen aldeko omenaldietan parte hartzen zutela eta ETA eta Batasuna alderdi abertzalearen hauteskunde emaitzez "jabetu" zirela aipatu du.
Horren guztiaren ondorioz, Estrasburgoko Auzitegiaren Hirugarren Salak baztertu egin ditu alderdi abertzalearen argudioak.
EAE-ANVren abokatuak Didier Rouget, Adolfo Araiz, Iñigo Iruin eta Urko Aiartza izan dira. Helegitea 2009ko uztailaren 24an aurkeztu zuten.
Batasunaren legez kanporatzea
2010ean ere, Estrasburgok Espainiako Estatuaren alde egin zuen, EAE-ANVren 133 zerrenda baliogabetu eta gero alderdi abertzaleak aurkeztutako helegite batean. Hain zuzen ere, aipatu zerrendak "iruzurra" zirela argudiatu zuten Europako epaileek.
2009an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Batasunaren legez kanporatzea baieztatu zuen. Argudioak gaur EAE-ANVrekin erabilitakoen antzekoak izan ziren.
EAE-ANVk hiru hilabeteko epea du orain, auzia Estrasburgoko Auzitegiaren Areto Handira bideratzeko. Bertan, 17 epailek berriz ere aztertuko lukete.