Politika -
Krisia PSOE-n
PSOEk gaur itxiko du idazkari nagusia aukeratzeko egutegia
Hautagaiek militanteen % 5-10en babesa beharko dute aurkeztu ahal izateko. Idazkari nagusia uztail hasieran edo erdialdean hautatuko dute 200.000 militantek.
Erredakzioa
PSOEren Batzorde Federalak idazkari nagusi berria aukeratzeko egutegia onartuko du gaur. Militante guztien botoekin aukeratuko dute agintari sozialista berria, eta horrek Carme Chaconen eta beste kide batzuen kritikak eragin ditu.
Chaconek Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko egungo idazkari nagusiaren kontra jo du militanteei idatzitako gutun batean, eta Moncloarako hautagaia hauteskunde primario irekietan aukeratzearen alde egiten duen hautagaiaren alde egingo duela iragarri du.
Printzipioz, Chaconen ukoak ez du Rubalcabak gaur Batzorde Federalera eramango duen proposamena aldatuko. Izan ere, lurralde guztietako buruzagiekin eta alderdiko beste kide esanguratsu batzuekin hitz egin ostean, "militante bakoitzeko boto bat" formulak babes zabala duela egiaztatu omen du.
Hori horrela, litekeena da Eduardo Madina diputatu sozialista hautagai izatea, kongresu irekia egiten bada PSOEren buruzagi izateko hautagai izango zela aurreratu baitzuen.
Susana Diaz Andaluziako presidentearen hautagaitza ere espero da, alderdiko agintari nagusiek eskatu baitiote. Pedro Sanchez diputatuak, berriz, oraingoz ez du ezer esan, baina horren izena kiniela guztietan agertzen da.
Jose Antonio Perez Tapias Ezker Sozialista korronteko kideak dagoeneko iragarri du bere hautagaitza aurkeztuko duela idazkari nagusi izateko.
Bermeak
Kontua da ez dutela denbora askorik erabakia hartzeko, bermeak jasotzeko epea ostiralean irekitzea aurreikusten baita Batzorde Federalak gaur eztabaidatuko duen egutegiaren zirriborroan.
Hala, ekainaren 20a arte izango dute militanteen % 5-10en sinadurak jasotzeko, eta gero 15 eguneko kanpaina egin ahal izango dute.
Idazkari nagusia aukeratzeko datarik ez da oraindik jarri, baina litekeena da uztailaren hasieran edo erdialdean izatea, eta PSOEko eta PSCko 200.000 militantek parte hartu ahal izango dute bozketan.