Politika -
PSOEren biltzarra
Madinak hautagaitza aurkeztuko du, biltzarra 'irekia' baldin bada
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak esan du PSOEk orain behar duena “Andaluzian Susana Diazek egindakoa” dela. Hala ere, azken hitza Susana Diaz berak daukala azpimarratu du.
Erredakzioa
Sozialisten ezohiko biltzarra “militanteei irekia” egiten bada bere hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du gaur Eduardo Madina Kongresuko PSOEren idazkari nagusiak. “Biltzar irekia egiten bada, hautagaitza aurkeztuko dut”, adierazi du SER irrati katean
“PSOE berria ezin da alderdi zahar baten metedologia berdinarekin hasi”, ohartarazi du, ohiko kongresu bat egiteko aukerari buruz. Madinaren ustez, hobe da milaka militanteen iritzia jakin “sei, zortzi edo hamar pertsonena” entzun baino (PSOEko buruzagiena).
Izan ere, PSOEko buruzagi gehienek Susana Diez Andaluziako idazkari nagusi eta presidenteari babesa eman zioten atzo, alderdiaren idazkaritza nagusiaren lasterketari begira. Madinak esan du Diazen inguruan “iritzirik onena” daukala eta “oso hautagai ona” litzatekeela balizko biltzar ireki batean.
Gaur bertan, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak esan du PSOEk orain beharko lukeena “Andaluzian Susana Diazek egindakoa” dela. Hala ere, azken hitza Susana Diaz berak daukala azpimarratu du.
“Susanak Andaluzian egin duena PSOEk behar duela uste dugu askok. Hau da, alderdia batu, zuzendaritza indartsua eratu, militanteei ilusioa igorri, kalera atera eta hauteskundeak irabazi”, nabarmendu du.
Roberto Jimenez Nafarroako sozialisten idazkari nagusiak ere Susana Diezen apustua egin du.
Bestalde, Jesus Eguiguren PSE-Eeko presidenteak ez du baztertzen Euskadiko sozialisten presidente izaten jarraitzeko hautagaitza aurkeztea, beti ere Patxi Lopezen ondorengoak ez badu horren egitasmo politikoa aldatzen. Hala ere, bera ez dela hautagairik “egokiena” esan du.
Idoia Mendia Lopezen ondorengoa izan daitekeen galdetuta, “ondo deritzola” erantzun du Eguigurenek, baina berak Jose Antonio Santano Irungo alkatea “nahiago” duela azpimarratu du. “Lehen mailako politikaria da, lider bat izan daiteke Euskadin”.
Mikel Torres Portugaleteko alkatea edota Teresa Laespada legebiltzarkide ohia ere aipatu du, bere apustuen artean.
PSOEren zuzendaritza berriari begira, gogokoen duen hautagaia Patxi Lopez dela esan du Eguigurenek.