Politika -
Krisia CIU-N
Duran i Lleida CiUko idazkari nagusia dimisioa ematea aztertzen ari da
Politikariaren eta CiUren arteko azken tirabira Espainiako erregearen abdikazio prozesuan alderdia abstenitu izanak eragin du.
Erredakzioa
Josep Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari nagusi eta diputatua kargua uztea eta hurrengo urteko hauteskunde orokorretan berriz ere hautagai ez izatea aztertzen ari da, Joana Ortega Kataluniako Generalitateko presidenteordeak baieztatu duenez. Dena dela, buruzagi kataluniarrak oraindik ez duela erabakirik hartu gaineratu du.
El Periódico egunkari kataluniarrak ziurtzat ematen du Duran i Lleidak dimisioa emango duela, "Artur Masen apostu subiranistak hauteskundeetan porrota ekarriko duela" iritzita. Kazeta horren arabera, Juan Carlos I.a Espainiako erregearen abdikazio prozesuan CiU abstenitu izanak eragin du Duran i Lleidaren eta alderdiaren arteko azken tirabira.
3/24 telebista katean eskainitako elkarrizketa batean, Ortegak berretsi egin du Duranek eta UDCk (CiUren parte da, eta Duran i Lleida da horren burua) erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa dutela, eta politikari kataluniarrak "leku erasokor batean" (Madrilen) defendatu duela gogorarazi du.
Duran Kataluniako hauteskundeetara aurkeztuko ote den galdetuta, diputatua UDCrentzat "aktibo garrantzitsua" dela esan du Ortegak, baina ez du gehiago argitu.
Horren esanetan, Duran "aspalditik" ari da dimisioa ematea aztertzen, baina oraindik ez dio erabakia jakinarazi UDCko zuzendaritzari.
Alderdi horretatik Europa Press agentziari azaldu diotenez, dimisioa ematea Duranen "erabaki pertsonala" da, eta hala egitea erabakiko balu, ekainaren 19an Felipe VI.a Espainiako errege aldarrikatu eta gero jakinaraziko du.