Politika -

Osasuna eta zerbitzu sozialak

Zerbitzu soziosanitarioak aldaketa demografikoei moldatuko ditu EAEk

EAEko erakunde publikoek gizarte sektore ahulenei zuzendutako estrategia soziosanitario berria diseinatu dute.

Juan Mari Aburto eta Jon Darpon, beste bozeramaile instituzional batzuen artean. Argazkia: EiTB
Juan Mari Aburto eta Jon Darpon, beste bozeramaile instituzional batzuen artean. Argazkia: EiTB
Juan Mari Aburto eta Jon Darpon, beste bozeramaile instituzional batzuen artean. Argazkia: EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde publikoek diseinaturiko ildo estrategiko soziosanitario berriak aurkeztu dituzte gaur Gasteizen, gizartearen eta osasunaren arloetako 300 arduradun baino gehiagoren aurrean. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua osatzen dute guztiek.

Gasteizko Europa jauregian egindako ekitaldian, estrategia soziosanitario berriaren filosofia, helburuak eta ekintzak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu dute erakundeotako arduradunek.

Zehazki, Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburua, Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua, Marta Alaña Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen diputatua, Pilar Ardanza Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua, Txelo Perez Gipuzkoako Aldundiko Ezinduen Laguntzarako zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Eudeleko lehendakaria izan dira ekitaldian.

Horrela, EAEko herri erakundeek "indarrak batu dituzte", osasunarentzat "erabakigarriak" diren gizarte errealitate eta aldaketei erantzungo dien estrategia soziosanitarioa osatzeko. Aurkezpenean adierazi dutenez, gaur egungo egoerak "ikuspegi integrala" eskatzen du, pertsonen beharrak eta beren bizitza kalitatea ardatz izango dituena, eta hertsiki osasunarekin lotutakoaz harago joango dena".

Halaber, jardunaldiak egungo demografia aldaketen inguruko gogoeta egiteko bide eman du. Aldaketok biztanleriaren piramidearen osaketan adierazten dira; hala, datuon arabera, 65 urtetik gorako biztanleen kopuruak 17 urte edo gutxiago dituztenena gainditzen du (hurrenez hurren, biztanleen %19,54 eta %16,11 dira), eta, era berean, heriotzen kopurua jaiotzena baino handiagoa dela egiazta daiteke. Horiei familia egituretan gertatzen ari den aldaketa gehitu behar zaio, etengabe areagotzen ari baita seme-alabarik ez duten familien edo bakarrik bizi diren adinekoen kopurua.

Horiek horrela, eta alde batera utzita gaur egun bizi dugun krisiaren egiturazko efektuak, "erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa lehentasunezkotzat" jo dituzte instituzio publikoetako ardurtadunek.

Horretarako, arreta soziosanitarioaren eredu berriak "pertsona du ardatz nagusi", eta osasun eta gizarte zerbitzuak koordinatzeko printzipioan oinarritzen da, osasuna politika guztien zati baita. Ikuspegi berri horren bidez, beharrezko zerbitzuak eta prestazioak "eraginkortasunez eta modu koordinatuan" antolatu ahalko dira.

Modu honetan, erakundeotako ordezkariek "arreta soziosanitarioa pertsonen benetako beharretara egokitzeko beharrezkoak diren alderdi guztiei heldu diete, gizarte edo osasunaren alorrean kokatzen diren gorabehera".

Lehen urratsak

Ildo estrategikoak aurrera eramateko araudia garatu beharra dago, erakundeen arteko esparruaren moduko zerbitzu soziosanitarioen zorroa sortze aldera, eta horren barruan, besteak beste, baliabideen finantzazioa barne hartu beharko da.

Era horretan, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluko ordezkariek adierazi dute "nahitaezkoa" dela gizarte eta osasuneko eragileen arteko komunikazioa arina eta egonkorra izatea, eta eredu hori garatzeko oinarrizkotzat hartu diren alderdien artean bi nabarmendu dituzte: alde batetik, historial soziosanitarioa, eragile guztientzat eskuragarri egongo dena, eta, bestetik, lehen arreta soziosanitarioko taldeak, udaletako oinarrizko gizarte langileek eta osasuneko lehen arretako taldeek osatuko dituztenak.

Erakundeetako arduradunen arabera, pauso horiek guztiak "ezinbestekoak" dira arreta soziosanitarioa eman ahal izateko arrisku taldeetan dauden pertsona ahulenei, besteak beste, buru nahasmenduak dituzten pertsonei, mendekotasun egoeran daudenei, ezintasunak dituztenei, bazterketa edo babesgabetasun egoeran edo arriskuan daudenei, behar bereziak dituzten haurrei eta ohikoak ez diren gaixotasunak dituztenei. Talde horien kasuan, ildo estrategikoek hainbat ekintza espezifiko garatuko dituzte.

Azkenik, esparru berriaren barruan ikerketa eta berrikuntza soziosanitarioak izan behar duten eginkizuna nabarmendu dute herri eraiundeetako arduradunek. "Alor horien etengabeko garapena dela medio, egungo errealitatea kontuan hartuta egokiak diren erantzunak bilatu eta eskaini beharrean gaude", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gaurko titularrak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa Euskadiko Udalen Elkartea albisteak