Politika -
Legebiltzarra
EH Bilduri zintzotasun falta egotzi diote aurrezki kutxen eztabaidan
Legebiltzarreko saioan, EAJk, PSE-EEk eta PPk Kutxabanken berregituraketan duen jarrera aurpegiratu diote ezker abertzaleko alderdiari.
Erredakzioa
EH Bilduk aurrezki kutxak fundazio bihurtzeko prozesuan duen jarrerak kritika zorrotzak jaso ditu ostegun honetan, Legebiltzarrean, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldetik.
Jeltzaleek erabakiak hartzeko "bertigoa" izatea leporatu die, eta jarrera horrek EH Bildu Kutxan dituen "ardurak uztera" eraman dezakeela ohartarazi du. PSEk, berriz, "zintzotasun faltaz" jokatzea egotzi die, eta PPk, aldiz, "eztabaida behin eta berriro hasteaz".
EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du "euskal aurrezki kutxen likidazioa alde batera utzi eta fundazio bihurtzeko" eta "pribatizazio prozesua" bertan behera uzteko.
EAJk eta PSEk proposamen horren kontrako zuzenketa osoa aurkeztu dute, Legebiltzarrean gehiengoa dutela kontuan hartuta, zuzenketa horren onarpena bermatuta zuten, EH Bilduren proposamenak ez bezala.
EAJren eta PSEren ekimenak aurrezki kutxak fundazio bihurtzearen eta Gizarte Ekintzako konpromisoei eustearen alde egiten du, besteak beste. EH Bilduk bere proposamena atzera botatzeko erabakia hartu du, eta, Legebiltzarreko araudiari jarraituta, zuzenketa guztiak ere bertan behera geratu dira, bozkatzeko beharrik gabe.
EH Bilduren proposamena
Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, proposamena atzera bota dute urte bukaera arte akordio zabalagoa lortzeko denbora dagoelako. EAJk, PSEk eta PPk akordioa dute dagoeneko aurrezki kutxak fundazio bihurtzeko.
Isasik iragaz asteazkenean EH Bilduk aurrezki kutxen eta Kutxabanken inguruan aurkeztutako akordioari erreferentzia egin dio. Akordio horretan sozietate publiko bat sortzea proposatzen dute Kutxabanken akzioak erosi eta bankua esku pribatuen mende geratzea galarazteko.