Politika -
26/11 kasua
Epaiak ANren joera eteten duela uste dute abokatuek
Auzitegi Nazionalaren sententzia oso positiboki baloratu dute absolbitutako 40 gazteen abokatuek. Bestalde, Fiskaltzak iragarri du ez duela epaiaren aurkako helegiterik jarriko.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak absolbitutako 40 gazteen abokatuek uste dute epaiak auzitegi horrek duen joera, ETArekin bat datozen aldarrikapenak dituen edozein ekintza terroristatzat hartzekoa, alegia, eten egiten duela.
Kepa Manzisidor eta Jaione Karrera abokatuek prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, 40 gazteen abokatu guztien izenean. Azaldu dutenez, sententzia "oso positiboa" da, "Auzitegi Nazionalaren ohiko joera" gelditzen duelako.
Karrerak adierazi duenez, Udalbiltza eta Egunkaria kasuen salbuespenarekin, Auzitegi Nazionalak "'guztia ETA da' teoria zabaldu nahi izan du, eta zigor gogorrak ezarri ditu", Segiko kideak izatea leporatzen zitzaien gazteen kasuaren antzekoetan.
Gainera, atxilotuen inkomunikazio garaian hartutako frogak kontuan hartu ez izana baloratu dute; izan ere, % 80a autoinkulpatu egin ziren epailearen aurrean, inkomunikatuta egon ziren egunetan. Epaileek froga horiek baztertu eta horien osteko adierazpenak soilik hartu dituzte kontuan, batez ere, ahozko epaiketan esanak. Horrela, Auzitegi Nazionalaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik indarkeriarekin.
Epaian biltzen diren tratu txarren deklarazioen "analisi serio, sakon eta errespetuzkoa" azpimarratu dute abokatuek, baita autoinkulpatuz egindako adierazpenak "atxilotuen borondatearen aurka" egindakoak zirela aitortu izana ere.
Frogak akusatuen borondatearen aurka bildu zirela adierazten duten 17 erakusle jaso dituzte epaileek sententzian, eta, abokatuek esan bezala, lehen aldiz deklaratu zutenean konfiantzazko abokatuen laguntzarik ez zutela.
Fiskaltzaren helegiterik ez jartzeko erabakiaren aurrean, Manzisidorrek uste du "errealismo ekintza" bat dela, epaia oso ongi oinarrituta dagoenez, normala baita bide horretatik ez jarraitzea.
Dignidad y justicia elkarteak jar lezakeen helegiteari dagokionez, abokatuen ustez "oso zaila da sententzia horri buelta ematea, arrazoi juridiko oso sendoak"baititu.