Politika -

Abdikazioari buruzko eztabaida

Senatuak abdikazio legea onartuko du asteartean

Osoko bilkura 16:00etan hasiko da eta lehenik eta behin Izquierda Unidak, ICVk eta ERCk aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte.

Senatua. Artxiboko irudia: EFE
Senatua. Artxiboko irudia: EFE
Senatua. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuko osoko bilkurak Juan Carlos I.a erregearen abdikazioa gauzatuko duen abdikazio legea onartuko du astearte honetan.  Legea bozkatu aurretik, ordea, Izquierda Unidak, ICVk eta ERCk aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, eta ondoren legea eztabaidatu eta bozkatuko dute.

Senatuko tramitea gaindituta, abdikazio legea onartuta geldituko da asteartean. Itxura guztien arabera, PP, PSOE, PSC, UPN eta Foro Asturias alderdiek babesa emango diote legeari, eta aurreikuspenak betetzen badira, senatariek % 89k alde bozkatuko dute. Kongresuan, berriz, % 85eko babesa izan zuen legeak.

Osoko bilkura 16:00etan hasiko da, eta hasteko talde parlamentarioek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte. Taldeek astelehen eguerdira arteko tartea dute zuzenketak erregistratzeko, eta Izquierda Unida, ICV eta ERC alderdiek zuzenketak aurkeztuko dituztela iragarri dute.

Zuzenketak eztabaidatu eta bozkatu ostean, abdikazio legearen inguruan eztabaidatuko dute senatariek. Eztabaida tartean, talde parlamentario bakoitzeko bozeramaileak 15 minutuko tartea izango du jarrera azaltzeko.

Espainiako Gobernuaren ordezkariren batek abdikazio legea babestea aurreikusten da, Diputatuen Kongresuan gertatu bezala. Dena den, oraindik ez dute zehaztu nork izango duen legea defenditzeko ardura.

Bozketa elektronikoa

Eztabaida amaituta, abdikazio legearen bozketa egingo dute. Kasu honetan, bozketa modu elektronikoan egingo dute. Aurreikuspenen arabera, PP, PSOE, PSC, UPN eta Foro Asturias alderdiek alde bozkatuko dute, CiU, EAJ eta Coalicion Canaria alderdiek abstentziora joko dute, eta IUk, ICVk, eta ERCk, berriz, kontra bozkatuko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea