Politika -
Gipuzkoako fiskala
Egunkariaren auzi ekonomikoaren kontrako helegitea aurkeztu dute
Fiskaltzaren ustean, "auzia ez da baliogabe geratu". Alde "teknikoan" eta "forman" akatsak daudelako jarri dute errekurtsoa, eta ez du auzian "sakondu", artxibatu zuen "epaiak egin ez zuen bezala".
Erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak Egunkariaren auzi ekonomikoa artxibatu zuen epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztu du, bere ustean, auzia ez delako "baliogabe geratu", Fiskaltzak EFEri jakinarazi dionez.
Fiskaltzaren arabera, Alde "teknikoan" eta "forman" akatsak daudelako jarri dute errekurtsoa, eta ez du auzian "sakondu", Donostiako Zigor Arloko 3. zenbakiko Auzitegiak artxibatzean emandako "epaiak egin ez zuen bezala".
Iturrien arabera, orain helegitearen izapideak abiaraziko dituzte, eta aldeei aurkeztu diete. Gainera, Gipuzkoako Auzitegira igorriko dute auzia, berari baitagokio helegitearen gainean ebaztea.
Egunkariaren auzi ekonomikoa Auzitegi donostiarrera igorri zuten Auzitegi Nazionalak 2010eko apirilean euskara hutsean egindako hedabide horren Zuzendaritzako bost kide absolbitu ostean. ETAren kide izatea leporatu zieten eta auziak egunkaria ixtea ekarri zuen.
Delitu ekonomikoa leporatura, fiskalak 9 eta 18 urte bitarteko kartzela-zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatu zuen 8 auzipetuentzat: Joxemari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi. Euskadi Irratian, Iñaki Uria (zigor eskaera handiena zuen auzipetua) pozik azaldu zen artxibatzearen albistea ezagutu zuenean, baina 11 urte hauetan sufrikarioa pasatu dutela azpimarratu zuen.