Politika -
Foro Soziala
Herbolzheimer: 'Prozesua aurrera doa gizartean, behar duen tokian'
''Bake-prozesua negoziazio-prozesua baino zerbait gehiago da'', ohartarazi du. Bake kulturan eta gatazken eraldaketan aditua da Herbolzheimer.
Erredakzioa
Kristian Herbolzheimer bake kulturan eta gatazken eraldaketan adituak uste du Euskal Herriko bake prozesua ''bide onean' doala. ''Instituzioen aldetik nolabaiteko geldiunea'' dagoen arren, prozesu hori gizartean aurrera doala dio; ''behar duen tokian'' doala aurrera, alegia.
Ostiral honetan Iruñean egin duten Foro Sozialaren jardunaldian hartu du parte adituak, Lokarrik eta Bake Bideak antolatuta. Helburua herritarrek bake prozesuan parte hartzea bultzatzea da eta, hain zuzen ere, parte-hartze horren garrantzia azpimarratu du Herbolzheimerek.
Bertako bake prozesuarekiko baikor azaldu da, eta ohartarazi du bake prozesua negoziazio prozesua baino zerbait gehiago dela.
Adituak dio bake akordioa ''bikaina'' izan daitekeela, ''munduko ederrena, Guatemalan bezala; baina ''ondoren agente guztiek hori bere egiten ez badute ezin da gauzatu'', adierazi du.
Foro Sozialaren bigarren jardunaldia larunbat honetan egingo dute, Bilbon. Bertan, presoak izango dituzte hizpide.