Politika -

Eztabaida Radio Euskadin

EAJ: 'PPk eta PSOEk eredu berriaren gaineko debatea zabal lezakete'

Matutek, bestalde, "Erdi Aroko" erakunde horrenganako herritarren "zaletasun eza" nabarmendu du. Prietoren hitzetan, "eskakizun gehiegi" egin zaizkio Felipe VI.ari.

Egibar: 'PPk eta PSOEk eredu berriaren gaineko debatea zabal lezakete'

2:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibarrek (EAJ) esan duenez, PPk eta PSOEk  "lurralde eredu eta eredu politiko berri bat eratzeko debatea zabaltzeko aukera dute" eta, bestalde, erregeak "konpondu gabeko arazoa konpontzeko ekarpen bat" egin lezake.

Egibarrek nabarmendu du monarkia ez dela "subjektu garrantzitsu bat, izaera politikoari dagokionez", eta "apaingarria" besterik ez dela. Gainera, jeltzalearen esanetan, errege proklamatu ondoren egindako lehenetariko hitzaldiak "bere aitak esandako kontzeptuez josita egon dira".

Horren ildotik, "nazio handiari" egindako aipamenak izan ditu hizpide, Radio Euskadiko tertulian. Auzi horrek "estali egiten du aurreko afera bat, oinarrizkoa dena, alegia, nazioak zerbaiten kide izatearen sentimendua barne hartzen du, eta horren moduko sentimenduek -derrigorrezkoak direnean- ez dute, normalean, luze irauten".

"Icebergaren punta"

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, azpimarratu duenez,

"Monarkia erakunde sare eta sare politiko baten icebergaren punta da; bat egitea inposatuz estatu eredua mantentzea helburu duena" eta, horregatik, Matutek uste du erregea "txalotzen" duen egoera hori mantentzen saiatuko dela.

Tertulian, Matutek "Erdi Aroko" erakunde horrenganako herritarren "zaletasun eza" nabarmendu du, Koroatze egunean ikusitako "jende apurra" kontuan hartuta.

"Eskakizun gehiegi"

Txarli Prieto PSE-EEren ordezkariaren ustean, "eskakizun gehiegi" egin zaizkio Felipe VI.ari, eta, esan duenez, berari "ez dagokio" arazo politikoak konpontzea, Gorteetako alderdiei baizik.

Prietoren esanetan, "harrituta" dago "politikako bazter batzuetatik, Estatu ereduaren aldeketa erregeak egitea bilatzen" ari direlako.

Borja Semper PPren legebiltzarkidearen hitzetan, "erakunderik zaharrena izan da berritzea beharrezkoa zela hobekien ulertu duena", eta gizarteak "normaltasunez" ulertu du prozesua. Gainera, Semperren iritzian, datozen hilabeteetan "keinuak ikusiko ditugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea