Politika -
Felipe VI.aren koroatzea
'Ez nintzen eskumuinetara joan, monarkiarekinn ados ez nagoelako'
Gernikako foruen zina berriro egiteko errege berriari gonbita nork egin behar dion galdetu diotenean, "zina ez du inork egin behar, foruak ez baitira existitzen", erantzun du ahaldun nagusiak.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ez dago ados monarkiarekin eta, koherentzia gordetzearren, ez zen Felipe VI.aren koroatzearen ostean izandako eskumuinetara joan. Horrez gain, Bilbaok azpimarratu du errege berriak Konstituzioaren zina egitean, lehen xedapen gehigarrian agertzen den foru erregimenaren eguneraketaren zina ere egiten duela.
Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, Errege Jauregian 13:00etarako antolatu zuten harrerara gonbidatu zutela konfirmatu du, baina ez joateko erabakia hartu zuela gaineratu du.
"Kargua utzi duen erregea edo errege berria, printze zela, hona etorri izan direnean, errespetua agertu izan diet beti, errespetu instituzionala eta pertsonala, eta Bizkaiko ahaldun nagusia naizenez, ordezkaritza lanak bete ditut", adierazi du.
Horren harian, "monarkia goratzeko balio duen eskumuinetara" joateko obligaziorik ez duela azaldu du. "Eta, errespetu osoz, baina ez nago batere ados monarkiaren instituzioarekin", gaineratu du.
Hala ere, jende asko monarkiaren alde egotea ulertzen duela adierazi du Bilbaok, baina bera ez zela Errege Jauregira joan "koherentzia pertsonala gordetzeko". " Ni Bizkaiko ahaldun nagusia naiz, eta hauteskundeetan jendeak botoa eman didanean badaki nolakoa naizen eta nolako iritziak ditudan", azpimarratu du.
Foru-erregimena
Gernikako foruen zina berriro egiteko errege berriari gonbita nork egin behar dion galdetu diotenean, "zina ez du inork egin behar, foruak ez baitira existitzen", erantzun du ahaldun nagusiak.
"Konstituzioak lehen xedapen gehigarri bat dauka, foru-erregimenaren eguneraketaz. Erregeak Konstituzioaren zina egin du, eta lehen xedapen gehigarri hori ere zinaren barruan doa", azaldu du.