Politika -
Barne-hauteskundeak
Sanchez, Madina eta Tapias PSOEko buruzagia izateko lehiatuko dira
Pedro Sanchez diputatuak 45.000 abal aurkeztu ditu ostiral honetan, Ferraz kaleko PSOEren egoitzan. Jose Antonio Perez Tapias Ezker Sozialistako hautagaiak ere 9.874 abalen muga gainditzea lortu du.
Erredakzioa
Pedro Sanchez eta Eduardo Madina diputatuak eta Jose Antonio Perez Tapias parlamentari ohia PSOEko idazkari nagusia izateko lehiatuko dira uztailaren 13ko barne-hauteskundeetan. Primarioetara aurkezteko beharrezkoak diren 9.874 abalak gainditu dituzte hirurek.
Beharrezkoak diren bermeak lau aldiz biderkatu ditu Sanchezek, eta Madinak ia hirukoitza lortu du (26.000). Perez Tapiasek, ostera, zailtasun handiagoak izan ditu militanteen abalak lortzeko, baina gutxigatik bada ere muga gainditu du.
45.000 abal aurkeztu ditu ostiral honetan Pedro Sanchez diputatuak, Madrilgo Ferraz kaleko PSOEren egoitzan. Berme telematikoak ez dituzte oraindik zenbatu. Horrela, ofizialki alderdiko idazkari nagusia izateko hautagaia bihurtu da.
Jose Cepeda kanpainako buruzagiak eta Malaga, Sevilla, Alacant eta Madrilgo militanteek abalak aurkeztu dituzte. 20 kutxatan eraman dituzte. 45.000 bermeetatik 13.000 inguru Andaluzian jaso dituzte.
Alderdikide asko beregain jarri duten konfiantza ikusita, "esker on handia" adierazi die gaur Madrilgo diputatuak. "Hasierako aurreikuspenak" gainditu dituztela azaldu du Sanchezek Jaenen. Hautagaitza aurkezteko ekitaldia egin du bertan.
Madinarekin debatea
Eduardo Madinarekin debate publiko bat izateko aukerarekin "pozez zoratzen" agertu da Sanchez; izan ere, "adiskideen arteko lehiaketa bat dela beti kontuan izan behar dugu".
"Ni? Eztabaidatzeko aukerarekin pozez zoratzen nago, ez dut batere arazorik, desiratzen nago", azaldu du Sanchezek kazetarien aurrean. Denborarik eta eragozpenik gabe eta edozein gairen inguruan eztabaidatzeko prest agertu da, "noski baietz".
Gainera, edozein eztabaidari aurre egiteko "gogo handiak" dituela goraipatu du Madrilgo diputatuak. "Kanpaina positiboa eta eredugarria" egiteko gertu azaldu da. "Sozialistak espainiarrei aurpegira eta begietara begiratzen" ari direla "ikusi behar du jendeak alderditik at", Sanchezen hitzetan.
Perez Tapias, hautagai ofizial
Bestalde, Jose Antonio Perez Tapias Ezker Sozialistako hautagaiak ere 9.874 abalen muga gainditzea lortu du, beraz uztailaren 13ko bozketara aurkeztu ahal izango du. Honenbestez, ofizialki PSOEko idazkari nagusia izateko hautagai bihurtu da.
Tapiasen taldeak jakitera eman duenez, % 5eko bermeen muga gainditu dute. Beatriz Talegon Tapiasen taldeko kideak ez du kopuru zehatzik eman nahi izan gauerdian bermeak entregatzeko epea amaitu arte.