Politika -
Prozesu judiziala
Sarkozy atxilotu dute, ustezko eragimen-trafikoagatik galdekatzeko
Polizia Judizialak 48 orduko epea du presidente ohia galdekatzeko. Horren kontra irekita dauden prozesu judizialen inguruko informatzaile sarea ote duten ikertzen ari dira.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia deklaratzera deitu du Nanterre hiriko Polizia Judizialak, ustezko eragimen-trafikoagatik eta instrukzio sekretua urratzeagatik galdekatzeko.
Behin-behinean atxilotuta dute, eta, egoera horretan dagoen bitartean, Polizia Judizialaren ardurapean egongo da eta abokatu baten laguntza izango du. Orain, Poliziak 48 ordu ditu galdeketa egiteko.
Estatuburu ohiak eta bere ingurukoek Sarkozyren kontra irekita dauden prozesu judizialen inguruko informatzaile sarea osatu ote duten ikertzen ari dira.
Sarkozy bere kasa joan da Poliziaren egoitzara 08:00ak aldera, bere abokatua (Thierry Herzog) eta Kasazio Auzitegiko magistratu bi (Gilbert Azibert eta Patrick Sassoust) galdekatu dituzten egunaren biharamunean. Herzog eta Azibert inputatu egin dituzte, eragimen-trafikoa egotzita.
Azibertek, Sarkozyren abokatuaren lagunak, Sarkozy Eliseora eraman zuen hauteskunde kanpaina ikertzeko irekitako prozesu judizialaren inguruko informazioa jasotzen omen zuen Auzitegi Goreneko bi aholkurariren eskutik. Ikerketa horren bidez, kanpaina hori legez kanpo finantzatu zuten argitu nahi dute.
Teoria horren arabera, Sarkozyren defendatzaileak laguntza horren ordainetan presidente ohiak Monakoko administrazioan nahi zuen postua lortzen lagunduko ziola hitzeman zion magistratuari.
22:00etan, Frantziako presidente ohiak Polizia Judizialaren egoitzan jarraitzen zuen. Hala, 14 ordu baino gehiago daramatza jada deklaratzen.
Legez kanpoko finantziazioa
'Entzuketen auzia' delakoan, politikari kontserbadore frantziarrari Liliane Bettencourt L’Oreal enpresaren buruak eta Muamar Gadafi Libiako agintari ohiak hauteskunde kanpaina finantzatzeko legez kanpoko laguntza eman ote zioten ikertzen ari dira.