Politika -
ETAko presoak
ETAkideen zigorrak 'neurrigabeak' direla uste du De Prada epaileak
Auzitegi Nazionaleko magistratuaren ustez, bake prozesuak adiskidetze prozesura eraman behar du. Biktimen elkarteek epailearen hitzak gaitzetsi dituzte.
Erredakzioa
Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko epaileak uste du ETAko kideei ezartzen zaizkien zigorrak "altuak eta neurrigabeak" direla eta, "gainerako presoekin alderatuta, zigorrak betetzeko erregimen erabat desberdina" bizi dutela azpimarratu du.
Madrilgo Konplutense Unibertsitateak antolatzen dituen Udako kurtsoetako batean egin ditu adierazpenak De Pradak. Zigorrek "beharrizan" bati erantzun, "gizatiarrak" izan eta "gainerako presoenganako berdintasun erregimenean" aplikatu behar direla adierazi du epaileak.
Haren ustez, Parot Doktrina aplikatzea "une gakoa" izan zen, zigor jakin batzuk "modu desberdinean" neurtzen hasi baitziren, eta hori "juridikoki onartezina" dela salatu du. Are onartezinagoa da, epailearen aburuz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esan beharra hori "gaizki" dagoela.
De Pradaren ustez, "ezin da eskatu ideologiaren ondorio diren ekintza, egoera eta delitu guztien gaineko damua barne hartzen duen barkamena". "Eragindako mina" onartzeko beharra defendatu du epaileak, eta egoera hori pertsonari jakinaraztea. "Egoera oso indibidualak dira", azpimarratu du.
Adiskidetze prozesua
Ukatu egin den arren, "bake prozesua" existitzen dela adierazi du De Pradak. "Bake prozesutik adiskidetze prozesura igaro behar da", azaldu du, eta barkamenari eta zaharberritze justiziari garrantzia ematea inportantea dela gehitu du. "Ez die biktimei soilik eragiten, gizarteari bere osotasunean interesatzen zaion kontu bat baita".
"Lortutako esperientzia kolektiboa" baloratzea gomendatu du epaileak, eta zigortuak gizartean nola hartu, harremandu eta barneratzen direnaren araberakoa izango da, De Pradaren arabera, emaitza "positibo eta erabilgarriak" lortzea.
"Guztiok, biktimek, gizarteak, indarkeriaz aritu direnek, instituzioek eta Estatuaren botereek zeregin erabakigarria betetzen dugu", adierazi du.
Biktimen erreakzioa
Daniel Portero Dignidad y Justicia biktimen elkarteko presidenteak epailearen hitzak gaitzetsi ditu, eta, Auzitegi Nazionaleko beste epaile batzuekin batera, "ETAko terroristak askatzea" leporatu dio, "kondenatuak izan daitezen ekiditeko, helegiterik jarri ezin zaien epaiak" argitaratuta.
Porterok Auzitegi Nazionaleko epaileari galdetu dio ea nola ausartzen den "terroristen eta ohiko presoen arteko zigorren desberdintasunaz" mintzatzera.
Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidentearen hitzetan, aldiz, "neurrigabea dena hiltzaileak kalean biktimei barrezka egotea da".
Pedrazaren ustez, "lotsagarria eta neurrigabea" da "errugabeko" biktima eta argitu gabeko krimen kopurua. "Argi dago ez diotela inor hil", esan du epaileari begira. "Horiek baldin badira Auzitegi Nazionalean defendatu behar gaituzten epaileak, nahiago dut inork defendatzen ez bagaitu", gehitu du.