Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Datorren astean argituko da Mendia PSE zuzentzeko hautagaia den ala ez
Idoiak Mendiak zehaztu du PSOEren idazkari nagusia aukeratzeko prozesua argitu arte ez duela iragarriko PSE zuzentzeko hautagaitza aurkeztuko duen ala ez.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSEko bozermaileak esan du "kide askok" eskatu diotela Euskadiko Alderdi Sozialista zuzentzeko hautagaitza aurkezteko, baina erabaki hori datorren astera arte ez duela argituko nabarmendu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Mendiak azaldu du PSOEren idazkari nagusia aukeratzeko prozesua amaitu arte itxarongo duela bere erabakiaren berri emateko.
PSOEk datorren uztailaren 13an egingo du bere militanteei zuzendutako galdeketa, eta, hain justu, egun horretan irekiko da PSE zuzentzeko hautagaitza aurkeztu nahi dutenek beharrezko babesa lortzeko epea.
Mendiak esan du euskal sozialismoak "aldaketa sakona" egin behar duela, "herritarrek PSE gizartea eraldatzeko erreminta eraginkortzat jo dezaten berriro".
Patxi Lopezen etorkizunaren harira, "Euskadiko nahiz Espainiako politikagintzan" jarraituko duela adierazi du.
"Nik behintzat berarekin kontatuko dut, berarekin lan egin dudalako eta bere ahalmenaz eta aholkuez fidatzen naizelako", erantsi du.