Politika -
Diputatuen Kongresua
Junckerri babesa emateko eskatu dio Rajoyk oposizioari
Espainiako presidentearen ustez, Junckerren izendapena albiste ona da, esperientziaduna eta "Espainiaren lagun handia" delako. Azken hitz horiek zurrumurruak eragin dituzte oposizioko kideen artean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente izendatzearen alde egiteko eskatu die Diputatuen Kongresuko oposizioko alderdiei. Rajoyren arabera, babes horrek Espainiaren egonkortasun instituzionala agertu eta herritarren konfiantza berreskuratzea ekarriko luke.
Rajoyk Kongresuan egin du eskaera, ekainaren 26ko eta 27ko Europako Batzordeko bileraren berri emateko agerraldian. Bilera horretan, Europako agintariek Junckerren alde egitea adostu zuten Batzordeko presidente izateko.
Europako Parlamentuak Junckerren izendapena bozkatuko du uztailaren 15ean, eta PSOEko idazkari nagusi izateko hiru hautagaiek (Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias) dagoeneko esan dute eurodiputatu sozialistak izendapena babestearen kontra daudela.
Jarrera horri erreferentzia zuzena egin barik, Rajoyk azpimarratu du "Espainiak herritarren konfiantza berreskuratu" behar duela, eta, horretarako, beharrezkoa dela "arazoak behar bezala konpontzeko segurtasuna eta egonkortasun instituzionala agertzea".
"Espainiaren lagun handia"
Europako bileraren ostean esan bezala, Junckerren izendapena berri ona dela esan du Rajoyk, esperientzaduna, Europazalea eta "Espainiaren lagun handia" delako. Azken adierazpen horrek zurrumurruak eragin ditu oposizioko kideen artean.