Politika -

Katalunia

Duran i Lleidak CiUko idazkari nagusi kargua utzi du

Segur aski, Ramon Espadaler Kataluniako Gobernuko Barne kontseilariak hartuko du horren lekua.

Josep Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari nagusia. EiTB
Josep Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari nagusia. EiTB
Duranek CIU alderdiaren idazkari nagusi karguari uko egin dio

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Antoni Duran i Lleida UDCko buruak CiUko idazkari nagusi kargua utzi du gaur, alderdi horren zuzendaritzak egindako bileran, CiUko iturriak aipatuta EFE agentziak aurreratu duenez.

Dena dela, Duran i Lleidak ez ditu Unioko buruzagitza eta CiUren Kongresuko bozeramaile kargua utziko.

Aipatu agentziak azaldu duenez, Ramon Espadaler Kataluniako Gobernuko Barne kontseilaria eta Unioko 'bigarrena' izango da segur aski CiUko hurrengo idazkari nagusia.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Artur Mas Generalitateko buruak egingo duten bileraren atarian eta Kataluniako kontsulta independentista egin baino lau hilabete lehenago etorri da Duran i Lleidaren dimisioa.

Kontsulta horren aurrean, CDC independentziaren alde agertu da, baina CiUk ez du bere jarrera argitu oraindik. Nolanahi ere, Duran i Lleidak behin baino gehiagotan esan du bera ez dela independentista.

Hain zuzen ere, Artur Masekin kontsultaren harira adostasunik ez duelako eta Mariano Rajoyrekin autonomia gehiago izateko aurrerapausorik ematea lortu ez duelako eman du dimisoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma gaur