Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Arriolak 'Montororen ikasle aurreratua' izatea egotzi dio Bilduri

Oposizioan dagoenean koalizio abertzaleak "Gargantuak baino aho handiagoa" duela kritikatu du buruzagi sozialistak.

Arriolak defizitaren politika aurpegiratu dio Bilduri

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta kargu horretan beste agintaldi bat egoteko hautagaiak "Montororen ikasle aurreratua" izatea egotzi dio Bilduri.

Buruzagi sozialistaren esanetan, ezker abertzaleak "jokabide ezberdina" du agintean eta oposizioan dagoenean. "Agintean dagoenean, Bildu Montororen ikasle aurreratua da, defizit publikoa bete egin behar dela, dirurik ez dagoenez gauzak ezin direla egin eta kudeaketan arduratsu izan behar direla esaten baitu, baina oposizioan daudenean Gargantuak baino aho handiagoa du", adierazi du "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan.

Horren ildotik, Gipuzkoan PSE-EEk eta Bilduk gobernatzeko akordioa lortzea "oso zaila" dela azaldu du, "oso ezberdinak baikara eta mesfidantza handia baitugu".

PSE-EEko buruzagiak zehaztu duenez, hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeetara begira hiru helburu ditu: gaur egun dituzten hiru alkatetzak (Irun, Eibar eta Zumarraga) mantentzea, Lasarte-Orian ere gobernatzea ("PSE-EEk irabazi zuen bertan, baina Bildu dago alkatetzan, EAJk horren alde bozkatu zuelako") eta Donostia berreskuratzea.

Nolanahi ere, bera ez dela hautagai izango argitu du: "Alderdian baino ez aritzea erabaki nuen duela urtebete".

PSOEren berrikuntza

Bestalde, Eduardo Madina PSOEren zuzendaritza berrian egotea nahiko lukeela esan du Arriolak, eta, beraz, Pedro Sanchezen zuzendaritza taldean ez egoteko erabakian "atzera" egitea espero duela gaineratu du, alderdian "kohesioa" egon dadin.

Dena dela, Madinak atzera egingo ez balu, zuzendaritzan horren sokakoak egotea proposatu du.

Pedro Sanchezek Gipuzkoan irabazi duela eta, Arriolak horren aldeko hitz onak izan ditu. "Eduardo Madina hautagai ona zen, baina Pedro Sanchezen ezaugarriak PSOEk behar dituenak direla uste dut: gizon gaztea da, prestakuntza onekoa, diskurtso fresko eta berritzailea du, eta herritarren arazoen eta kaleko beharren berri du", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aldaketa PSOEn argazkiak