Politika -

Justizia unibertsala

Gorenak 53 droga-trafikatzaileren askapena baliogabetu du

Auzitegi Nazionalak Justizia unibertsalaren interpretazio okerra egin zuen, Gorenaren arabera. Konstituzionalak PSOEren erreformaren aurkako helegitea onartu du

Justizia unibertsalaren erreformak ez du azken azterketa gainditu

0:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak agindutako 53 droga-trafikatzaileren askapena baliogabetzea erabaki du asteazken honetan Gorenak, aho batez. Auzitegi Nazionalak Justizia unibertsalaren interpretazio okerra egin zuen, Gorenaren arabera.

Drogaren kontrako Fiskaltzak 21 droga-trafikatzaileren askapenaren kontrako helegitea jarri zuen, eta orain Gorenak arrazoia eman dio.

Gorenaren epaian irakur daitekeenez, Justizia Unibertsalaren interpretazio oker batetik abiatuta, ustezko 53 droga-trafikatzaile aske uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Orain, berriz ere horiek atxilotzeko nazioarteko aginduak emango ditu Auzitegi Gorenak. Dena den, atxilotzeko agindu horiek Drogaren kontrako Fiskaltzak jarritako helegiteak Gorenera iritsi ahala egingo dira. Oraingoz, beraz, gaurko epaiak eragiten zien droga-trafikatzaileen kontrako atxilotze agindua emango du Gorenak.

Gorenak Alborango itsasoan atxilotu zituzten 13 ustezko droga-trafikatzaileen auzia aztertu du. Atxiloketaren unean nazioarteko uretan zeuden, eta ontziaren barruan 16 tonelada haxix zeramatzaten. Epaiketara begira, Drogaren kontrako Fiskaltzak sei urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen atxilotuentzat osasunaren kontrako delitua egotzita. Halaber, Auzitegi Nazionalak atxilotuak aske uzteko hartutako erabakiaren ondotik Gorenaren aurrean helegitea aurkeztu zuen.

Espainiako Gobernuak Justizia Unibertsalaren erreforma onartu zenetik, 50etik gora droga-trafikatzaile aske utzi ditu Auzitegi Nazionalak.

Konstituzionalak PSOEren erreformaren aurkako helegitea onartu du

Konstituzio Auzitegiak onartu egin du PSOEk justizia unibertsalaren legearen erreformaren aurka aurkeztutako helegitea. Erreforma PPren botoekin soilik onartu zen martxoan.

Talde Parlamentario Sozialistaren demanda Kongresura, Senatura eta Gobernura igorri du Auzitegiak, eta hamabost egun izango dituzte prozesuan parte hartu eta alegazioak aurkezteko.

Oposizioko talde nagusiak inkonstituzionaltasun helegitea ezarri zuen, Botere Judizialaren Lege Organikoko 23. artikuluaren azken erreformak justiziaren eraginkortasuna, epaileen independentzia eta Espainiak sinatutako zenbait nazioarteko hitzarmen kaltetzen dituela argudiatuta.

Soraya Rodriguez PSOEren Kongresuko bozeramaileak ekainean aurkeztu zuen helegitea, Auzitegi Nazionala jurisdikzio unibertsaleko kasuak ixtera derrigortzen duen legea zalantzan jarriz.

Justizia unibertsalari esker, dozenaka ikerketa zabaldu ahal izan dira, tartean, Tibeteko edo Saharako genozidioak, Jose Couso kameralariaren hilketa Iraken, Ignacio Elllacuria jesuitaren hilketa edo CIAren hegaldiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Delituak albisteak Drogak argazkiak Justizia Unibertsala bideoak Espainia