Politika -
Aldaketa PSOEn
Sanchez PSOEren idazkari nagusi izendatu dute
PSOEren idazkari nagusi berria sozialistek bizi duen aldaketa prozesuaren inguruan mintzatu da.
Erredakzioa
Pedro Sanchez aukeratu dute PSOEko idazkari nagusi berri. Sanchezek Alfredo Perez Rubalcaba ordezkatu du. Madrilen egiten ari diren kongresuko partaide guztiek babestu dute Pedro Sanchezen hautagaitza.
Arratsaldeko saioa hasi bezain laster, Susana Diaz kongresuko presidenteak bildutakoei Sanchezen izendapena berrestea proposatu die. Diezen aburuz, “momentu historikoa” zen.
Izendapena ez dute bozkatu, PSOEren 135 urteko historian lehen aldiz.
PSOEren idazkari nagusi berria sozialistek bizi duen aldaketa prozesuaren inguruan mintzatu da. Sanchezen aburuz, “garai historikoa” da oraingoa, eta “alderdiak espainiarrei hutsik ez diela egingo” gaineratu du.
Behetik gorako aldaketa
Izendapenaren ondoren egin duen hitzaldian egin ditu adierazpen horiek Sanchezek. “Sozialistek baiezko argia eman diote behetik gorako aldaketari”, nabarmendu du. Espainiarentzat aldaketa garaia hasi dela ere esan du.
“Pausoa bizkortzeko” deia ere luzatu die Sanchezek sozialistei “milioika lagunek behar baitute PSOE berritu bat”.
Idazkari nagusi moduan eskaini duen lehen hitzaldian, “Ferrazen gutxitan eta militanteak dauden lekuan askotan egongo den idazkaria” izango dela baieztatu du. PSOEk “Espainia aldatzen duen ezkerra” ordezkatzen duela ere defendatu du Sanchezek.
Ustelkeria
“Zintzotasun intransigentea duen alderdia izango da gurea”, gaineratu du, eta ustelkeria kasuetan nahastutakoak alderditik botatzeko arazorik ez duela izango azpimarratu du.
Militante bat, boto bat
Kongresuan, gainera, alderdiko idazkari nagusia hautatzeko moduaren inguruan ere erabakia hartu dute eta aukeraketa militanteei galdetuta egingo dela adostu dute.
Mila ordezkari bildu dira Madrilgo biltzarrean, eta zuzendaritzak aurkeztutako proposamena ontzat ematea erabaki dute. Horrela, alderdiko estatutuak aldatuko dituzte eta 5.1 b) artikulua moldatuko dute. Erabaki horren arabera, idazkari nagusia militante bakoitzak emandako botoarekin aukeratuko dute.
Exekutiba berria
Zuzendaritza berria osatuko duten hainbat kideren izenak eman dira jada jakitera.
Antolaketa idazkaria: Cesar Luena
Politika federala: Antonio Pradas
Ekonomia: Manuel de la Rocha Vazquez.
Enplegua: Mari Luz Rodriguez.
Klima-aldaketa eta jasangarritasuna: Pilar Lucio.
Hezkuntza: Jose Miguel Perez
Administrazio publikoa: Susana Sumelzo.
Ikerketa eta programak: Meritxell Batet.
Europar Batasuna: Iratxe Garcia
Nazioartea: Carme Chacon.
Jarduera politikoa, herritartasuna eta askatasuna: Patxi Lopez.
Erreforma demokratikoak: Ximo Puig.
Zientzia, parte-hartzea eta politika sarean: Maria Gonzalez Veracruz.
Herri txikiak: Manuela Galiano.
Osasuna: Maria Jose Sanchez Rubio.
Gizarte mugimenduak: Pedro Zorolo.
Berdintasuna: Carmen Monton.
Lankidetza eta immigrazioa: Eva Matarin
PSOEren zuzendaritza berria hogeita hamar bat pertsonak osatuta egongo dela zabaldu da, eta, beraz, oraindik ere pertsona gehiago sartuko dira.