Politika -
Bilera
Ertzaintzako hauteskunde sindikalak, polemikaz inguratuta
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzako sindikatuak bilera batera deitu ditu gaur, baina ELAk, ErNEk eta SiPEk batzarrera ez direla joango iragarri dute dagoeneko.
Erredakzioa
Hauteskunde sindikalen data adosteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzako sindikatuak bilera batera deitu ditu gaur, baina ELAk, ErNEk eta SiPEk batzarrera ez direla joango iragarri dute dagoeneko. ESAN eta Euspel sindikatuek, ordea, bileran parte hartuko dute.
Hiru sindikatu horietako ordezkariak joango ez badira ere, Jaurlaritzak gaurko bilera egitea erabaki du, gainerako sindikatuen proposamenak "entzuteko" eta balizko hauteskunde horiei begira data bat adosteko.
ESAN sindikatuak barne hauteskundeak egiteko deialdia egitea eskatu zion Segurtasun Sailari. Data erabakitzeko bilera gaur egitea erabaki zuten, baina ELA, SiPE eta ErNE ez dira batzarrera joango.
Abuztuan ez direla inoiz hauteskunde sindikalak egin salatu du ErNE sindikatuak. Jaurlaritzak "liskarra eta krispazioa" saihestu nahi dituela gaineratu dute ErNEtik. Horrenbestez, bilerara ez direla joango eta hauteskundeetako data ESAN sindikatuak eta Segurtasun Sailak aurretik adostua dutela kritikatu du ErNEk.
Ertzaintzan izandako murrizketak eta Poliziak bizi duen "kaos egoera" salatzeko elkarretaratzea deitu du ErNEk, Erandioko polizia-etxearen aurrean.