Politika -
EAJ-ren kurtso hasiera
Ortuzarrek instituzioen egonkortasunerako ituna eskaini die alderdiei
EBBko presidentearen arabera, 'Euskadik normalizazio politikorantz egin behar du aurrera, guztion artean'. Gainera, euskaldunen eta katalanen erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eskatu dio Rajoyri.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak adierazi du EAJ prest dagoela alderdi guztiekin akordio bat adosteko, instituzio guztietan "egonkortasuna" lortu ahal izateko. Gainera, "herrialdearentzat ona dena, EAJrentzat ere ona" dela esan du.
Zarautzen egin ditu adierazpenak Ortuzarrek, EAJk kurtso politikoari hasiera emateko Gipuzkoako udalerrian egin ohi duen ekitaldian.
"Krisia atzean uzten ari gara, eta gero eta argiagoa da bide onetik goazela. Baina ongi eta guztiok batera ateratzen ez bagara, berriro hondoratzeko arriskua dugu", zehaztu du.
Ortuzarrek azpimarratu du EAJk "herrialdea eta errekuperazioa interes politikoen gainetik" jartzen dituela. "Herritarren interesak daude lehen postuan".
EBBko presidentearen arabera, "Euskadik normalizazio politikorantz egin behar du aurrera", eta hori "guztion artean" eraiki beharko da. Hori dela eta, ETAri aldebakarreko pausoak emateko, armak uzteko eta eragindako mina aitortzeko eskatu dio.
"Lehenago edo beranduago derrigorrez ekin beharko diogun bidean, ezker abertzaleari laguntzeko prest egongo da EAJ", gehitu du.
"Herrialde hau da ETArekin gehien sufritu duena, eta herrialde honek itxiko du atal beltz hori. Ezin dugu euskal gizartearen etorkizuna Euskadi axola ez zaienen eskuetan utzi. EAJ eta Jaurlaritza garai berri honen alde gaude, eta sendotzeko lan egingo dugu ", adierazi du.
Erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eskatu dio Espainiari
Agintari jeltzaleak azaldu du gizartearen nahia errespetatzearen kontua "ameskeria" dela Espainian, eta Eskoziaren eredua goraipatu du: "Ingalaterrak eta Eskoziak hitz egin dute, adostasunera iritsi dira eta herriak erabakiko du. Edozer gertatzen dela ere, Eskoziak jada irabazi du".
Hori dela eta, Mariano Rajoy presidente espainiarrari euskaldunen eta katalanen erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eskatu dio. "Madrili elkarrizketa, adostasunera iristeko gaitasuna eta erantzukizuna eskaintzen dizkiogu. Estatus politiko berri bat nahi duen eta merezi duen herri bat gara, eta askatasunerako geure bidea daukagu: euskal bidea", esan du.
EAJ hilaren 11n Kataluniako Diadan eta 18an Eskoziako erreferendumean izango dela gehitu du.
Batzokien inguruko PPren 'pailazokeria' kritikatu du
EBBko buruak batzokien inguruko polemika ere izan du hizpide, eta PPk irekitako eztabaida "pailazokeria" dela kritikatu du. "Ez gara haien amarruan eroriko. Probak baldin badituzte, jo dezatela epaitegietara", esan du.
Ortuzarrek eskuinak batzokiekin duen "obsesioa" salatu du. "Lehen Primo de Riverak ixten zituen; gero, Francok itxi eta lapurtzen zizkigun, eta orain PPkoak datoz. Herentziazkoa izango da, baina guk ez dugu ezer ezkutatzeko", azaldu du.
Batzokien "sekretu nagusia" "konpromisoa eta lana" dela azpimarratu du jeltzalek, eta Basagoitik iragarritako "PPtokiak" non dauden galdetu du.